EUSKAL PRESOAK

EAEko Auzitegi Nagusiak uste du ezin zaiola Arrasatekoari helegiterik jarri

«Liskarrak saihesteko» deia egin du Markel Olanok. Protesta «legitimoa» izan arren, «akats larria» deritzo.

Larunbateko mobilizazioa iragartzeko joan den uztailean egindako agerraldia, Arrasaten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 15a
17:00
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak eman du azken hitza, oraingoz: haren arabera, ezin zaio helegiterik jarri larunbaterako euskal presoen eskubideen alde Arrasaten (Gipuzkoa) antolaturiko protestari, eta, beraz, ez du aztertuko mobilizazioa debekatu behar den ala ez. Auto batean azaldu duenez, protesta deialdian ez dago helegitea jar dakiokeen jarduera administratiborik, lege jurisdikzionaleko 25. eta 51.1 c artikuluen arabera.

Jupol Espainiako Poliziaren sindikatu nagusiak eta Jucil Guardia Zibilaren elkarteak gogor salatu dute erabakia, eta «kezka» agertu dute, haien ustez auzitegiak «saihestu» egin duelako martxa debekatzeari buruz iritzia ematea. Adierazi dute «errespetatzen» dutela autoa, baina ez dutela «bat egiten»: «Ez du kontuan hartu ETAk eraildakoen tragedia eta familien mina, zeinek ikusi beharko baitute nola indarkeriaren eta terrorearen jarraitzaileek zuzenbide estatuarekiko amorrua eszenifikatzen duten elkarretaratze miserable batean».

Arrasate eta Parot

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eskatu du «liskarra saihestu» dadila Arrasateko ekitaldietan. Izan ere, deitua dagoen bakarra ez da Sarek antolaturiko protesta: PPk eta Voxek ere jakinarazi dute Gipuzkoako herrian izanen direla egun horretan. PPk ekitaldi bat deitua du egun bererako, «terrorismoaren biktimei» zuzenduta, eta Voxeko Santiago Abascalek herrira agertzeko asmoa erakutsi du.

Olanok gaur Onda Vasca irratian adierazi duenez, haren ustez «legitimoa» da Sarek 7/2003 legearen eta zigor luzeen aurkako protesta bat antolatu izana, baina «akats larria» ikusi du antolatu den herrian eta moduan. Haren hitzetan, izan ere, «Arrasaten egiteak Parotekin lotzen» du ekitaldia, eta «kolpe handia» eragiten die horrek «terrorismoaren biktima askori», sortzen duen «identifikazioagatik».

Espainiako eskuinaren jokamoldea ere salatu du EAJkoak, haren iritziz «terrorismoaren biktima askok behin eta berriro» salatu baitute «onura partikularretarako erabiltzen» dituztela. Olanoren hitzetan, helburu politiko horiekin «gizarte zatiketa» sortzen du eskuinak,  eta «ernegu handiagoa». Horiek saihesteko deia egin du, «testuinguru horretan gehien sufritzen dutenak biktimak» direlakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.