EAEko Auzitegi Nagusiak eten egin ditu oposizio batzuk, euskara eskakizunaren harira

Tokiko administrazioko idazkari kontu-hartzaile izateko prozesua utzi du bertan behera, kautelaz.

Jone Bastida Alzuru.
2024ko abenduaren 20a
10:30
Entzun

EAEko Auzitegi Nagusiak behin-behinean eten ditu tokiko administrazioko idazkari kontu-hartzaile izateko oposizioak. Eusko Jaurlaritzak azaroaren 11n egin zuen deialdia, agindu bidez, baina helegitea jarri zioten, iritzita ezarritako euskara eskakizunak legea urratzen zuela. Beraz, auzitegiak erabaki du prozesua bertan behera uztea, kautelaz. Jaurlaritzak, berriz, kautelazko neurria bere horretan uzteko eskatu dio auzitegiari.

Ebazpenean, auzitegiak gogoratu du tokiko administrazioko idazkari, kontu hartzaile eta diruzainen elkargo ofizialak oposizio aginduaren aurkako helegitea aurkeztu zuela abenduaren 16an. Haien ustetan, lan deialdian «urratu» egiten dira funtzio publikoan aritzeko printzipio arautzaileak. Izan ere, deialdia Espainiako Estatu osorako izanda, estatu osoko biztanleei ematen zaie modua EAEko toki administrazioko funtzionario posturako aurkezteko; Jaurlaritzak, ordea, baldintza gisa ezarri du euskaraz jakitea, eta ez merezimendu gisa.

Halaber, elkargoak gaineratu zuen beharrezkoa litzatekeela kautelazko neurri bat hartzea, ondoren helegitea onartuz gero «bideraezina» izango litzatekeelako epaia betearaztea. Errekurtsoa tramiterako onartu zen biharamunean.

Horiek hala, Auzitegi Nagusiak eten egin du oposizio prozesua, Eusko Jaurlaritzari hitzik eman gabe. Auzitegiaren arabera, «premiazkoa» da kautelazko neurria aplikatu eta oposizioak behin-behinean bertan behera uztea, «egun gutxi» falta direlako hautaketarako eskabideak aurkezteko epea amaitu dadin. Azaroaren 28an hasi zen, eta abenduaren 27an bukatuko da.

Auzitegiak adierazi du oposizio prozesuak aurrera egin eta ondoren helegitea onartuko balitz «kalte konponezin bat» eragingo litzatekeela. Izan ere, «hautaketa prozesua amaituz gero, ezinezkoa litzateke beste epe bat irekitzea euskaraz ez dakitenek edo eskatutako maila egiaztatzen ez dutenek aukera izan dezaten deialdi horretan parte hartzeko». Gogoratu du, helegitea jarritako aginduaren arabera, euskaraz jakitea «baldintza» dela, eta ez «merezimendua».

Auzitegiaren irudiko, beraz, euskara eskakizunak betetzen ez dituzten hautagaiak kaltetuak lirateke, ez dutelako aukerarik izango oposiziora aurkezteko.

Horrenbestez, auzitegiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio administrazio espedientea aurkezteko eta adostutako neurria betetzeko. Ebazpen horren aurka ezingo da helegiterik jarri.

Antzeko kasuak

Bide luzea dute euskararen aldeko neurrien kontrako epaiek, eta izan dira antzeko kasu gehiago ere lan esparru horretan. iazko uztailean, esaterako, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 1. Epaitegiak atzera bota zituen Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik tokiko erakundeetarako idazkarien eta kontu hartzaileen lan poltsak osatzeko emandako agindu bateko hainbat irizpide, tartean hizkuntza irizpideak.

Orduko hartan ere, Bizkaiko idazkari, kontu hartzaile eta diruzainen elkargo ofizialak aginduaren kontra jarritako helegite bat izan zen epaiaren abiapuntua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.