Aurkako beste epai bat jaso du Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak; oraingoan, legea euskararen alorrean garatzen duen dekretuak. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi ditu dekretuaren 9.2 artikulua, 11. artikuluaren lehenengo atala eta 12. artikulua; 12., 24., 27. eta 36. artikuluen eduki batzuk ere baliogabetu ditu epai berriak. Voxen helegite bat aintzat hartuta ebatzi du hori auzitegiak.
Santiago Abascal buru duen alderdiak 2020. urteko urtarrilean aurkeztutako helegitea partzialki hobetsi dute epaileek. Epaia ez da irmoa, ordea; irailaren 28an eman zuten ebazpena, eta, ordutik hasita, Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea du helegitea aurkezteko Espainiako Auzitegi Goreneko arlo zibileko salan. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Jaurlaritzak argudio nahiko dituela helegitea aurkezteko. Bere erranetan, «justizia ezin da helburu politikoekin erabili».
Baina zer diote azken epaiak bertan behera utzitako artikuluek?
9.2 artikulua: artikulu horrek dio udalerriek euskaraz lan egiteko neurriak hartuko dituztela, bereziki euskararen bizi eremuetan.
Epaiak indarrik gabe uzten du, halaber, dekretuaren 11. artikuluaren lehen paragrafoa, zeinak adierazten duen «udalerriek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera», kontuan hartuko dutela hizkuntza ofizialen ahozko eta idatzizko erabilera tokiko organoen barne funtzionamenduan, ekitaldi publikoetan, publizitate kanpainetan, bide publikoaren errotulazioan eta baita administrazio kontratazioan ere.
Magistratuek erabat baliogabetu dute 12. artikulua ere. Artikulu horrek zera dio: «Euskadiko tokiko erakundeek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza normal eta orokor gisa erabiltzea planifikatu eta arautuko dute, hurrengo artikuluetan jasotako irizpideen arabera».
Epaiak 18. artikuluaren zati bat ere ezabatzen du, zehazki, dokumentu publikoetan euskara erabiltzearen lehentasuna aipatzen duena. Halaber, 24. eta 27. artikuluetako zenbait atal ezeztatu ditu; atal horiek arautzen dute sektore publikoko erakundeek euskara nola erabili behar duten, eta zehazten du telefono bidezko informazioa edo bozgorailuen bidezko informazioa euskaraz eskaintzea lehentasuna izan behar dutela.
Epaiak ezeztatu egiten ditu, halaber, udaletako hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko dekretuaren 37. artikuluaren zenbait atal. Eta ezabatu egiten du, era berean, edozein dokumentu bi hizkuntza ofizialetako batean bakarrik idatz daitekeela ezartzen duen agindua.
Bigarren kolpea
Gaur jakin dena udal legeak azken hilabeteetan jaso duen bigarren kolpea da. Aurrez, uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien modua; ondorioztatu zuen «era bidegabean» urratzen zuela horrek «oreka linguistikoa». Kritikatu egin zuen euskararen «aldeko» hautua, hizkuntza eskubideen kontrakoa zela argudiatuta. Sententziaren arabera, zera zen onartu ezin zena: gaztelania erabili ahal izateko, argudiatu behar izatea norbaitek ez dakiela euskaraz. Hori zen Konstituzioa urratzen zuena eta, beraz, kontrako epaiaren arrazoibide nagusia.
2019an, udal legeak adostasun zabala lortu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko ateak ireki zituen. Besteak beste, udalei aitortu zien hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko aukera, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jotzeko eskubidea, eta hirigintza planek euskararentzat duten eragina aztertu beharra ere ezarri zuen.
Baina ez da deus berria. Euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontra ebatzitako beste askoren segidan datoz azken epaiak: soka luzea da, eta korapiloz beteta dago. Horiek horrela, «oldarraldi judizialaz» ari dira euskalgintzaren inguruko eragile ugari, eta halakoei aurre egiteko neurriak eskatzen ari dira: egiturazko aldaketak. Horregatik, «oldarraldiaren» aurka, azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak; Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat</em> izango da leloa.