Urte amaierarako espero da EAEko Arartekoa arautzen duen 1985eko legea erreformatzeko proposamen bat. Manuel Lezertua arartekoak jakinarazi du legea moldatzeko ekinbidea onduko dutela eta haren bidez arartekoak baliabide gehiago eskuratzea lortu nahi dela, besteak beste erakundeari isunak jartzeko gaitasuna emanez.
EAEko Arartekoak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, 2020ko, 2021eko eta 2022ko txostenak aurkezteko –2020ko txostena ezin izan zuen aurkeztu COVID-19aren pandemiagatik, eta 2021ekoa ere ez gaixorik egon zelako–.
Arartekoak iaz jaso zituen kexu eta eskakizunei buruzko txosteneko datuei erreparatu die Lezertuak. 12.704 ekinbide tramitatu zituzten arartekoaren bulegoan, eta 732 gomendio eta iradokizun egin zizkien zenbait erakunderi; gehienak Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundiei, eta udalei. Urtea amaitzerako, 45 eskaera erantzun gabe zeuden oraindik. Eta aurtengo apirilera arte ez zuten erantzunik eman, behin arartekoak ohartarazpena bidali eta gero. Lezertuak salatu du Administrazioaren «kolaboraziorik eza» arazo bat dela, eta «kezkagarria» dela auzitegien ebazpenik ezean neurririk hartzeko asmorik ez dutela dioten instituzioen jarrera. Hala, berriz ere eskatu die administrazio publikoei arartekoaren bulegoarekin duten lankidetza indartzeko.
Nafarroako arartekoak bezala, EAEkoak ere isunak jartzeko ahalmena izatearen alde dago Lezertua, eta oposizioko taldeek ere bat egin dute eskaera horrekin. EH Bilduk, EP-IUk eta PPk txalotu egin dute EAEko Arartekoaren legea erreformatzeko azaldutako asmoa.
Beste bi iragarpen ere egin ditu arartekoak. Batetik, jakinarazi du gazteen jarrera matxistei buruzko azterlan bat ontzen ari direla, eta haren bitartez bortxa matxista gazteen artean «atzematen eta prebenitzen» lagundu nahi dutela. Bi hilabete barru prest izango dute ikerketa hori. Bestetik, 50.000 biztanletik gorako udalerrietan gas kutsagarrien emisio txikiko eremuak arautzeko eskatzeko, ofizioz jardungo duela iragarri du.
Eskola segregazioa
Joan den urteko txostenaren datuei erreparatuta, osasunaren arloan ugaritu ziren gehien kexak. Hain justu ere, 2020. urtearekin alderatuta, %220 egin zuten gora Osakidetzarekin lotutako kexek. Bestalde, Lezertuak jakinarazi du ikasturte honetako matrikulazio prozesuan «kexa kopuru izugarria» egon dela Hezkuntza Sailak ikasle zaurgarrientzat gordetako tokien inguruan. Azaldu du neurri horiek eta ikasgeletan eskola segregazioa eragozteko beste neurri batzuk martxan jartzeak «hautsak harrotu» dituela, baina erantsi Hezkuntza Sailean eskola segregazioaren fenomenoari aurre egiteko egiten ari den lana “positiboa” dela.