EAEko Ahal Dugu berrantolatzea proposatu du Gertu plataformak

Ricardo Vaquero batzarkide bizkaitarra da alderdiko koordinatzaile izateko hautagai, eta Maite Gartzia koordinatzaile alboko izateko hautagai. Irizten diote estrategia berriro definitu behar dela proiektua sendotzeko.

(ID_17337475045285)Ahal Dugu-ko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten Gertu plataformako kideak, Bilbon
Ahal Dugu-ko zuzendaritzarako hautagaitza aurkeztu duten Gertu plataformako kideak, Bilbon. GERTU
joxerra senar
2024ko abenduaren 9a
14:59
Entzun

Larunbatean amaituko da EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritza berritzeko prozesua. Aste honetan bozkatuko dute militanteek, eta, prozesu horri begira, Gertu plataformak bere hautagaitza aurkeztu du. Erakundea berrantolatzea eta estrategia berriro definitzea proposatu dute Bilbon egin duten agerraldian.

Lehen lerroan izan dira hautagaitza osatzen duten bi hautagai nagusiak: Ricardo Vaquero Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaria eta Maite Gartzia Errenteriako alkateordea. Vaquero koordinatzaile nagusi izateko hautagai da, eta Gartzia, berriz, koordinatzailearen alboko izateko hautagai. Haien alboan izan dira plataformako zerrenda osatzen duten beste kideak.

Militante konprometitu gisa definitu dute euren burua. «Gehienak zirkuluetan eta militantzia aktiboan ibiliak dira. Propio jaso dituzte alderdiaren ahulgune eta indarguneak». Azaldutakoaren arabera, «kaletik eta herritarrengandik gertuen dauden erakundeetatik» datoz zerrendako kideak. Haien esanetan, talde «orekatu eta askotarikoa» ordezkatzen dute, lurraldeari, prestakuntzari, lanari eta bestelako ezaugarriei dagokienez. 

Ahal Dugu-ren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako militanteek gaurtik ostiralera bitartean bozkatuko dute. Gertu plataformako kideek azaldu dute erantzukizunez hartu nahi dutela Ahal Dugu-ren zuzendaritza. «Konbentzituta gaude gogoeta prozesu bati ekin behar diogula, berrantolatzeko eta indar politiko eraldatzaile gisa sendotzeko».

Militantzia eta antolamendua

Hitza hartu duenean, Vaquerok adierazi du militantzia dela proposamenaren ardatz nagusietako bat. «Gure antolamenduaren oinarria da, proiektu politikoaren zutarria». Hala, «oso garrantzitsutzat» jo du zirkuluekin hartutako konpromisoa berritzea, «zirkuluek ematen baitiote bide jarduera politikoari eta militanteari». Antolamendua berritu behar dela uste du, egitura «horizontal, deszentralizatu eta demokratiko» bat eratu, eta «azkar eta eraginkor» funtzionatzea bermatu. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kolpearen ostean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan eta udaletan gotortu da Ahal Dugu, baina hauteskundeetako emaitzen itzala nabari da barne prozesuan. Vaquerok azaldu du azken bozetan kolpea hartuagatik ere erreferentzia nagusietako bat direla politikan. «Posizioari eutsi behar diogu». Haren irudiko, funtsezkoa izango da «alternatiba eraldatzaile aurrerakoia indartzea, printzipioei eta lehentasunei uko egin gabe».

Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.