E-CHO proiektua: ustezko alternatiba berdea

«Karbono isurketa apaleko bioerregaiak» ekoizteko proiektua da E-CHO, baina milaka oihan hektarea arrasatzea, urak kutsatzea eta energia ugari kontsumitzea izan ditzake ondorio.

E-CHO proiektuaren aurkezpen publikoan herritar eta militante ekologistek ekintza egin zuten, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
E-CHO proiektuaren aurkezpen publikoan herritar eta militante ekologistek ekintza egin zuten, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko otsailaren 11
05:00
Entzun

E-CHO proiektuaren xedea itsas garraio eta hegazkinek gaur egun erabiltzen dituzten petrolio erregaiak «karbono isurketa apaleko bioerregaiez ordezkatzea» da; baina zeren kaltetan? Pirinio Atlantikoetako eta Ipar Euskal Herriko oihanen, Paueko uhaitzaren uren (Okzitania) eta horien bien ekosistemen kaltetan. E-CHO proiektuaren izendapen erakargarriak gordetzen duen proiektua, hots, ez da hain ekologikoa.

Biarnoko Lacq herriko industrialdean instalatuko du E-CHO proiektua Elyse Energy Lyoneko enpresak. Hiru lantegi izanen dira: HyLacq hidrogenoa ekoizteko fabrika Mourenxen (Okzitania), eM-Lacq biometanola ekoizteko fabrika, eta BioTjet biokerosenoa ekoizteko fabrika Pardiesen (Okzitania).

«Neurrigabekeria nuklearra»

Energia horien ekoizteko prozesu bakoitza desberdina da. Biokerosenoa ekoizteko (BioTjet), adibidez, hidrogenoa (HyLacq) behar da, zeina energia nuklearrarekin ekoizten baita. Erraterako, hidrogeno horren ekoizteko pentsatu duten elektrolisiak 520 megawatteko potentzia beharko du, Tarn eta Garonako (Okzitania) Golfecheko zentral nuklearraren potentziaren %20ren baliokidea, hain zuzen ere; Pirinio Atlantikoetako Departamenduko urte oso bateko kontsumoari dagokio, eta, beraz, departamenduaren kontsumoa bikoiztuko lukete kolpez.

«E-CHO proiektuak ekoiztuko lukeena baino 1,8 aldiz energia gehiago kontsumituko luke. Eta hori, gainontzeko industria eremuaren funtzionamendurako beharrezkoa den energia zenbatu gabe». Kalkulu horiek denak, CADE Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboko eta Oihan Biziak elkarteko adituek egin dituzte: ondorioztatu dute E-CHO proiektua «neurrigabekeria nuklearra» dela.

Aitzinlanketa fasearen ondotik, adoste jarraikian dago orain proiektua: hain zuzen, proiektuaren partaideek fase berri horretan egin zuten E-CHO proiektuaren aurkezpen publikoa joan den astean, Baionan. Helburua proiektuaren lanketari dagozkion inkesten berri ematea zen, baina, itxuraz, proiektuaren itzaleko zenbait ikuspegiren argitzeko ez dira gai orainokoan.

Ipar Euskal Herriko oihanak

CADE eta Oihan Biziak elkarteek deitu zuten, batez ere, aurkezpen publikoaren harira mobilizatzera; kasik ehun bat herritar eta militante ekologista juntatu zitzaizkien. Bi elkarteek bultzaturik, ekintza sinbolikoari ekin zioten denen artean: aurkezpena hasi eta zenbait minutura, lehen «zentzugabekeria» atera zitzaiolarik Elyse Energyko proiektuaren eramaileari, parean zituen jende kasik denak kadiratik altxatu eta txartel gorria atera zuten sakelatik, besoa gora altxaturik, gizonaren erranen kondenatzeko-edo; eta, txori txistuen soinuak hedatu zituzten sakelakoetatik, oihan batek berezkoa duen ekosistemaren irudikatzeko.

CADE kolektiboko militanteek ebaluatu dutenaz, Elyse Energyk metro kubikotan beharrezkoa ukanen duen oihaneko biomasa 14.000 hektarearen baliokide da; kopuru horiekin, jadanik, «anitz ahulduko litzateke eskualdeko oihan ondarea».

Baina, kolektiboen kezka da kopuru horiek oraino gehiago handitu daitezen, zeren E-CHO proiektuak beharrezko duen egurraren heren bakar bati baitagokio oihaneko biomasa: izan ere, geratzen diren bi herenenen iturriak laborantza biomasa eta egur hondakinak dira; Solagro ingurumen-ingeniaritza elkarte enpresaren ustez, bi iturri horiek ez dituzte arrunt segurtatuak. Horiek horrela, elkarteek uste dute arrisku handia dagoela oihan hektarea oraino gehiago moztu behar izan ditzaten, konpentsatzeko.

Elyse Energyk oraino ez du zehazki jakinarazi nola eta zer biomasarekin erantzunen dien proiektua aitzina eramateko dituzten beharrei. Halere, mozketa horietarik anitz Ipar Euskal Herrian eginen dituztela aurreikusi dute elkarteek: «Lehen hamabost urteetan, Iratiko oihaneko 20.000 hektarea arrasatuko dituzte». Eremu horiek moztu ez, arrasatuko dituzte, eta, zuhaitzak ez ezik, inguruneko ekosistema osoa hiltzea ondorioztatuko du; zuhaitz soilak birlandaturik, gero, urteak eta urteak beharrezkoak dira dagokien ekosistema birsortu dadin.

Karbono isurketa apala?

Salatu dute: «Urte bateko lanketaren ondotik, Elyse Energyk bere proiektuaren karbono isurketa ez du argitu, deskarbonizazioa izanik ere bere bere proiektuen gauzatzeko arrazoia».

Egia da, Elyse Energy enpresaren arrazoibidearen oinarria da «karbono isurketa apaleko bioerregaiak» ekoiztuko dituztela; funtsean, hori bera da horien enpresaren berezitasuna: uretako eta aireko garraioak deskarbonizatzea. Baina, orainokoan, datuak ez dira gardentasun osoz erakutsi, ez baita oraino jakina zenbat karbono isuri eraginen dituen proiektuak.

Proiektuaren lanketa prozesuan, Carbone 41 enpresak ikerketa egin du: Elyse Energieren proiektuaren karbono isurketak Europako araudiaren eskakizunak bete ditzake. Agian. Baina, Oihan Biziak elkartekoek salatu duten bezala, erabiltzen duten kalkulu metodoan, oihaneko biomasa biltzearen eragina neutrotzat jotzen da; ordea, haien ustez, «lehenengo hogei urteetan, gutxienez, CO2 gehiago isuriko luke atmosferara» ekoizpen mota horrek: moztuko dituzten zuhaitzen karbonoa askatuko da, eta zuhaitz landaketa berriek hogei urte baino gehiago beharko dituzte karbono kantitate bera atxikitzen hasteko.

Urari dagokionez, E-CHO industrialdeak Paueko uhaitzetik 7,7 milioi metro kubiko erabiliko ditu: Baionaren tamainako hiri baten urteko kontsumoa. Aturri Garona agentziaren arabera. Kantitate horren kasik erdia gibel botako dute gero, baina 30 graduan abantzu, eta kutsatua agian. Noski, ur inguruneari eraginen dio, eta litekeena da beroketa horrek izokinaren ugalketa arriskuan jartzea, adibidez. Horrez gainera, Lacq industrialdeko ur beharrak %65 handituko ditu; Aturri Garona agentziak oroitarazi du ur kontsumoa %10 apaltzeko plano bat agindu berria izan dela, uhaitzaren maila bera etengabean jaisten baita.

Militanteek proiektuaren «zentzugabekeria» azpimarratu dute behin eta berriz: ororen buru, ondorio dramatiko horiek guztiek «urteroko Frantziako hegazkinen keroseno kontsumoaren %1,3 ekoiztea besterik ez baitute ahalbidetuko». Militante batek oharra egin zuen, hain zuzen: «Hori guztia, berez arazo ekologikoa osatzen duten hegazkinak funtzionarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.