DYA larrialdietatik at utzi du Lopezek, eta Espainiako bi enpresa hartu ditu

Ambuibericak eskuratu du eskualde gehien, eta «irregulartasunak» izan direla salatu du DYAk; helegitea iragarri du

DYAko kideak, bilaketa lan batzuetan parte hartzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Gobernua uztear dela, PSE-EEk aldaketa handiak egin ditu larrialdiko osasun zerbitzuan: DYA kanpoan utzi, eta Espainiako bi enpresari eman die zerbitzuaren zati handiena, Bizkaikoa. Lehiaketan prezio merkeagoekin aurkeztu ziren bi enpresa horiek —Iscan eta Ambuiberica—; beldur dira orain sindikatuak, lan baldintzak kaskartuko ote dituzten. Gurutze Gorriak segituko du zerbitzu ematen, baina orain baino leku gutxiagotan. DYAk salatu du «irregulartasunak» izan direla lehiaketan, eta helegitea jarriko diola Jaurlaritzaren erabakiari.

Hamarkada luzez DYAk eta Gurutze Gorriak eman duten zerbitzua lehiaketara atera zuen ekainean Patxi Lopezen gobernuak: 24 milioiren kontratuak guztira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartu, eta 29 eremu zehaztu zituen Osasun Sailak. Zortzi talde aurkeztu ziren lehiaketan, eremu batzuetara soilik gehienak. Salbuespen batekin: Ambuiberica. Leku guztietarako eskaintza egin zuen, eta gainerakoek baino merkeago: DYArekin eta Gurutze Gorriarekin konparatuta, 800-1.000 euro gutxiago anbulantzia bakoitzeko.

Ezinegona eragin zuen horrek. Batetik, orain arte zerbitzu eman duten taldeena: ohartarazi zuten zerbitzuaren gastua baino ere merkeagoa dela Ambuibericaren eskaintza, eta kalitatea kaskartuko zela. Bestetik, sindikatuena: oraingo langileak hartzera behartuta dago enpresa, baina beharginei lan baldintzak kaskartuko zaizkien beldur dira sindikatuak.

Enpresa horrek lortu du zerbitzuaren zati handiena. Bilbo ez ezik, bere esku ditu Ezkerraldea, Uribe-Kosta, Enkarterriak, Busturialdea eta Lea-Artibai. Salbuespenak, hiru: Gurutze Gorriaren esku segituko dute Gernikak, Mungiak eta Bakiok. Bilboko zati batzuk lortu ditu Iscan enpresak.

Gurutze Gorria, Gipuzkoan

Gipuzkoan ez dute lekurik eskuratu Espainiako enpresek. Gurutze Gorriaren esku segituko dute Donostialdeak, Tolosaldeak, Debabarrenak, Bidasoaldeak eta Debagoienak. Araban, Gasteizko eremuak ere Gurutze Gorriaren zerbitzupean jarraituko du.

DYA da kaltetu handiena, nolanahi ere. 1966tik larrialdietako zerbitzuak ematen aritu da. Izatez, horretarako sortu zuen Juan Antonio Usparitzak: errepidean istripuak izaten dituztenak artatzeko. Orain, ia mende erdiren ostean, kolokan egon daiteke elkartea. Zuzendaritzak presazko bilera bat egin zuen atzo arratsaldean, Jaurlaritzaren erabakia jakin berritan. Bart gauean zabaldutako ohar batean jakinarazi dute helegitea jarriko diotela Lopezen gobernuak funtziotan hartu duen erabakiari, «irregulartasunak» izan direlakoan. Nabarmendu dute «konpromisoz» segituko dutela lanean, «urteetan egin bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.