Elgeta, Gasteiz, Iruñea... Frankismoko krimenen aurkako prozesu judizialak bata bestearen atzetik ixten ari dira. Kereilak onartu eta berehala, kolpea jasotzen dute epaitegietan. Durango (Bizkaia) izan da zerrendara batzen azkena. 1937ko martxoaren 31n 336 hildako eragin zituen bonbardaketa ikertzeko salaketa jarri zuen bertako udalak iazko uztailean, eta hura tramiterako onartu zuen epaitegiak artxibatu du orain.
Udaleko abokatuek aurkeztua dute jada ebazpenaren aurkako helegitea, «gertatu zenaren inguruko egia jakin dadin, eta, presio politikoaren bidez, Italiako Gobernuak bonbardaketagatik barkamena eska dezan». «Harriduraz» hartu dute epaitegiaren ebazpena, auzibidea tramiterako onartu zutenean magistratuek oso bestelako jarrera agertu baitzuten: «Kereilan aurkeztutako gertakariek gizateriaren aurkako delituen eta gerra krimenen ezaugarriak dituzte», azaldu zuen epaitegiak orduan. Orain, berriz, zalantzan jarri dute kereilaren oinarria bera, 1937an Durangoko sarraskia eragin zuten pilotu eta soldaduen nortasuna zehazterik ez dagoela argudiatuta: «Datu zehaztugabeetan oinarritzen da gertakarien egiletzari dagokion zerrenda, eta ezin dira errealitate faktikoaren testuinguruan ziurtasun osoz kokatu [...]. Bonbardaketa gertatu zen egunetan parte hartu zutenak pertsona horiek ala beste batzuk izan ziren ez dago frogatua».
Durango 1936 kultur elkartea ere haserre agertu da epaia ezagutu ostean. Auzia artxibatzeko «aitzakiatan» ibiltzea egotzi dio epaileari: «Benetako arrazoiak beste batzuk dira, eta durangar guztiok ederto dakigu zeintzuk diren». Elkarteak argudiatu duenez, sarraskiaren erantzuleak bizirik dauden ala ez frogatzea ez dagokio salaketa jarri duenari, «horretarako baitago ikerketa».
Ez da frankismoko krimenen aurkako kereilek jasotako lehen zaplaztekoa. Elgetako Udalak ere salaketa jarri zuen iaz, herrian 1936 eta 1980 artean gertatutako hamalau krimen iker zitezen, eta Bergarako auzitegiak hura tramiterako onartu eta abiatu zuen ikerketa. Maider Imaz epaileak genozidio eta gizateriaren aurkako delitu zantzuak ikusi zituen gertakariotan. Imaz, baina, ordezko epaile gisa ari zen, eta berezko epailea itzuli zenean artxibatu egin zuen salaketa.
Durangoko bonbardaketa ikertzeko auzia artxibatu dute
Ebazpenaren aurkako helegitea jarri du udalak. Krimenak ez ikertzeko «aitzakiak» jartzea egotzi dio Durango 1936 elkarteak epaileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu