Durangoko bonbardaketa gogora, 76. urtemugan

Hegazkin faxistek hil zituzten 336 pertsonak omenduko dituzte, eta «horrelakorik ez errepikatzeko» eskatu

Jon Rejado.
2013ko martxoaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hegazkin faxistek Durango (Bizkaia) txikitu zuten eguna gogoraraziko dute gaur, bonbardaketa gertatu eta 76 urte geroago. Iazko oroimen ekitaldiek boz handia izan zutela gogorarazi du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kideak, 75. urteurrena dela eta. Aurten prestatutakoak «xumeagoak» izango direla jakinarazi du, baina faxisten erasoan hildako 336 biztanleak omentzen jarraitzeko asmoa azaldu du Irazabalek, baita orduko erasoan erantzukizuna izan zutenen ardurak gogorarazteko ere.

Gaurko lehen ekitaldia Durangoko kanposantuan izango da, 09:30ean, Durangoko Udalak antolatuta. Bertan, 1936ko gerrako biktimei omenaldia egingo diete. Ostean, 12:30ean, Gerediaga elkarteak prestatutako Durangoko bonbardaketan hildakoen omenezko ekitaldia izango da, Andra Mariako elizpean. Lore eskaintza egin, Kriskitin dantza taldeak aurreskua dantzatu, oroimen idatzia irakurri, eta, azkenik, Xabier Amurizak eta Ander Ertzillak bonbardaketa dela-eta idatzitako kanta abestuko dute.

Ekitaldiaren bitartez Durangon gertatutakoa gogorarazteko garrantzia nabarmendu du Irazabalek, «horrelakorik errepika ez dadin». Horrez gain, gogorarazi du bonbardaketarekin zerikusia izan zuten herrialdeek ez dutela ezer esan 1937. urteko gertakizunen inguruan. «Zerikusia izan zuten gobernuetan apurketa bat egon zen: Italia, Alemania... Dena den, Vatikanoak, nire ustez bonbardaketan zerikusia zuenak, bere bidearekin jarraitzen du, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik; merezi du gogoratzea herri horiek izan zutela bere ardura zatia».

Bestetik, gaur izango da azken eguna Carmelo Ortiz de Elgearen Durango i Gernika erakusketa ikusteko. Aurreko urtean Gernikan egon zen erakusketa hori, eta martxoaren 8tik Durangoko Arte eta Historia Museoan izan da ikusgai.

Azken asteetan izan dira martxoaren 31ko omenaldien harira egindako ekimenak, eta, oraindik ere, apur bat gehiago luzatuko dira. Apirilaren 12an Angel Viñas historialariak hitzaldi bat emango du San Agustin kultur gunean, eta bertan Alemaniak eta Italiak Espainiako gerran izan zuten parte hartzeari buruz hitz egingo du. Are gehiago, Irazabalek jakinarazi du Viñasek Durangoko bonbardaketari buruzko informazio berria emango duela, Alemanian aurkitu dituen agiri eta datu berrietan oinarrituta.

Hiru minutuko bonbardaketa

1937. urteko martxoaren 31n, goizean, ordura arte ezezaguna zen eraso mota bat abiarazi zuen Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek. Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutako militarren agindupean hegazkin italiarrek Elorrio eta Durango bonbardatu zituzten, zibilen aurkako lehen airezko erasoa eginez. Hiru minutu iraun zuen Durangoko bonbardaketak, baina kalte oso handiak eragin zituen. Andre Mari elizan eragin zuen kalte gehien, eta bertan jendetza bilduta zegoen; mezetan ziren batzuk, eta, horrez gain, baserritarren azoka zegoen arkupeetan.

Goizean botatako bonbek eragin zuten hildako gehien zibilen artean, baina hurrengo ordu eta egunetan bonbardaketa gehiago gertatu ziren. Martxoaren 31n bertan Durangoko tren geltokia bonbardatu zuten, Bilbo eta Donostia arteko trenbidearen gunerik garrantzitsuena zelako. Apirilaren 2an eta 4an ere airez erasotzen jarraitu zuen Aviazione Legionariak, baina eraso horietan zibil gutxiago hil ziren, inguruko herrietara mugitu baitziren asko eta asko.

Orduko bonbardaketak urteetan isilarazi zituen Espainiako gerrako garaileek ezarritako diktadurak. Hala, Durangoko bonbardaketa Errepublikaren alde zeudenek egin zutela azaldu zuten. 76 urte igaro dira ordutik, eta gaur gogoraraziko dute orduko erasoan zerikusia izan zuten herrialdeek ez dutela barkamenik eskatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.