Hogei urte bete dira, eta zuloak hor jarraitzen du oraindik. Itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta zauriak irekita jarraitzen du egun horietako memorian. Duela hogei urte, amesgaizto batek esnatu zuen Euskal Herria: Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak gaurko egunez itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, 2003an, euskarak eta euskaldunek zuten egunkari bakarra. Itxiera, atxiloketa, tortura, gezur, malko, mobilizazio, elkartasun, erantzun eta egunkari berri baten sorrera eta amaiera egunak izan ziren. Egunkaria aurrera leloak bildu zituen egun, aste eta hilabete horietan bizi izandakoak, izan zen egunkaria eta, beste behin herri ekimenez, sortzera zihoan BERRIA.
Ikusi gehiago:'Egunkaria behar genuen' (Iñaki Uria)
2003ko otsailaren 20an, ostegunez, goizaldean abiatu zuten Egunkaria-ren kontrako polizia operazioa. Burua estalirik, Andoaingo (Gipuzkoa), Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko egoitzetan sartu ziren guardia zibilak, besteak beste. Aldi berean, Egunkaria-n eta hura sortu zuen enpresan ardura postuak izan zituzten hamar pertsonen etxeetan indarrez sartu, eta terrorismoaren kontrako legea baliatuta atxilotu zituzten, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila.
Ikusi gehiago:ATZERA-BUELTARIK GABEKO INJUSTIZIA
Amesgaiztoa hasi besterik ez zen egin. Egunkaria ETArekin lotu, eta itxiera hura behin betikoa izan zen kazetarentzat. Itxia, baina ez isildua lerroburuarekin, Egunkaria-ko kazetariek Egunero egunkaria argitaratu zuten biharamunean, 70.000 ale, eta hala jarraitu zuten hilabete batzuk geroago, 2003ko ekainaren 21ean, BERRIA lehen aldiz argitaratu zen arte.Egunero behar genuen liburuan bildu ditu Imanol Murua Uriak lau hilabeteko katebegi horren ingurukoak.
Tortura salaketak
Atxilotuentzat ere zigorra ezarria zegoen duela hogei urteko otsailaren 20an, Guardia Zibilaren esku geratu zirenean. Inkomunikazio aldian, torturatu egin zituzten. «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte. Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren ikur bat, jipoitu egin dute; niri poltsa jarri didate buruan...», esan zuen Otamendik, inkomunikazio aldia amaituta aske utzi zutenean. «Nik ezagutu dudan infernurik txarrena izan da», esan zuen Auzmendik.
«Poltsarena probatu ondoren, pistola buruan jarri, eta klik tiro egin zidaten. Beste behin, zigor gela ilunean infragorriak zituen tresna batekin apuntatu ninduten. Ipurtzulotik makila bat sartzeko keinu eta igurtziak… Elektrodoak ipintzeko mehatxuak… Martin Ugalde hil zela esan (a zer negarrak bota nituen!)… Zer esango dizuet: kolpeak egunkari itxi batekin, lur bustiaren gainean bueltaka… Panpina bat zara munstroaren eskuetan, baina munstroak ezin du zure buruan sartu! Guk horrelakoak pasatu baldin baditugu, ez dut pentsatu ere egin nahi Joseba Arregi, Gurutze Iantzi edota Unai Romanok pasatu dituztenak nolakoak izan diren. Euskal gazte mordo batek pasatzen dituenak nolakoak diren», salatu zuen Uriak.
Ikusi gehiago:'Gezurra ari du', PDF formatuan
Jose Maria Aznar PPkoa zen Espainiako presidente. «Euskal herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta babesteko operazioa da hau, beren kultura, pentsamendua eta beren hizkuntzan libreki hitz egiteko askatasuna babesteko operazioa», esan zuen Angel Acebes Espainiako Barne ministro zenak operazioa eta itxiera argudiatzeko. Euskal gizarteak, ordea, gogor gaitzetsi zuen operazioa, eta handik bi egunera inoiz ez bezala bete zituen Donostiako kaleak, manifestazio erraldoi batean.
Atxiloaldiaren inkomunikazio aldia amaituta, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen epaileak, bermea ordainduta. Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen Del Olmok. Zubiriari inkomunikazio aldia 72 orduz luzatu zion, erietxean zegoelako; gero, espetxeratu egin zuen.
Ikusi gehiago:Naufragiotik atera (Amagoia Mujika Tolaretxipi)
Ez ziren Egunkaria-rekin lotuta atxilotutako bakarrak izan. Hilabete batzuk geroago, urriaren 16an, beste auzi bat ireki zuen Del Olmo epaileak, auzi ekonomikoa gisara ezaguna. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmok aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra. Handik lau egunera, Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten, Etxeberria epaitegian zegoela. Urriaren 21ean, Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Denak inkomunikatuta eduki zituzten.
Euskal Herritik kanpo ere izan ziren elkartasuna erakutsi zutenak. Besteak beste, hamar puntu zituen agiri bat argitaratu zuten Herrialde Katalanetako bederatzi egunkarik.
Absoluzioa eta errugabetzeak
Hamabi urte eskasez izan zen Euskaldunon Egunkaria kalean, eta ia beste horrebesteko ibilbidea izan zuten bi auzi horiek epaitegietan. 2010eko apirilean, auzipetuak absolbitu eta lehen auzia behin betiko itxi zuten Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Auzitegi Espainiako Nazionaleko magistratuek. Egunkaria auziko bost epaituak errugabetzat jotzeaz gain, euskarazko kazeta bakarra ixteko nahiko arrazoi ez zegoela esan zuen epaimahaiak sententzian. Egunkaria-ko auzi ekonomikoa 2014ko urrian itxi zuten, preskribatutzat jota. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren autoaren arabera, zehaztugabeak ziren ustezko delituak eta haien egileak.
Ikusi gehiago:'Amesgaiztoa, Egunkaria auziko epaiketaren kronika', PDF formatuan
Ametsa bi hamarkada lehenago hasi zen. 1980an sortu zen Euskal Telebista, baina kioskoetan euskarazko eguneroko bat falta zen. Aurrekari bakarra Eguna zen, Eusko Jaurlaritzak 1936ko gerran 1937ko urtarriletik uztailera bitartean argitaratu zuen egunkaria. Bost hamarkada geroago, 1990ko azaroaren 1ean egin zuten euskarazko egunkari bat sortzeko lehen batzarra, Donostian, Euskal Kulturaren Batzarreak (EKB) deituta. Urtebete iraun zuten prestaketa lanak, eta denbora horretan Euskal Herriko herri eta auzoetan hainbat ekitaldi egin zituen Egunkaria Sortzen-ek egunkari berria sortzeko dirua biltzeko. Hamar oinarri zituen: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.
Ikusi gehiago:'Egunkaria'-ren aurkako auzia, «susmoen» gainen eraikia
1990eko udaberria, Lezo: artean sortzeke zen egunkariaren azala egiten herritarrak. BERRIA
Euskaldunon Egunkaria hamabi urtez izan zen kalean, eta zenbaki guztiak sarean daude kontsultarako. Itxieraren hogeigarren urteurrenaren lekukoa BERRIAren sorreraren hogeigarren urteurrenak hartuko dio. Egunero-ri esker, etenik gabe izan da euskara hutsezko egunkari bat kalean 1990etik, baita egun ilunenetan ere, adierazpen, mehatxu eta jazarpen ororen gainetik. Egunero-ren azken zenbakia 2003ko ekainaren 20an atera zen, eta biharmunean hartu zuen lekukoa BERRIAk. Azalean, Martxelo Otamendi zuzendariaren lerroburua zuen: BERRIA aurrera.