Duela hamar urte Athletic Europa Ligan zegoen, eta, gaurko egunez, osteguna zen, Schalke 04 Alemaniako taldearen aurka jokatu zuen final-laurdenetako itzuliko partida. 2-2 berdindu zuten markagailuan, eta Athletic sailkatu egin zen hurrengo kanporaketarako. Egun hori, ordea, beltzez margotu zuen partidaren ostean Bilboko Maria Diaz de Haro kalean gertatu zenak: Ertzaintzak bortizki kargatu zuen Kirruli herriko tabernaren aurrean zeudenen aurka. Furgonetetatik jaitsi, eta gomazko pilotak bota zituzten, gertutik eta zuzen. Horietako batek Iñigo Cabacas Lizeranzu Athleticeko 28 urteko jarraitzailea jo zuen buruan, eta, horren ondorioz, handik lau egunera, apirilaren 9an, hil egin zen Basurtuko Ospitalean.
Hamar urte pasatu dira, baina Athleticeko zaleengan iltzatuta dago egun hura. Ez zelako Ertzaintzaren halako erasorik justifikatzen zuen liskarrik une horretan; edonor hil zezakeelako pilota horrek, hainbat lekukoek azaldu zutenez. Zauria irekita dago, hamar urteren ondoren pilota bota zuen ertzaina ez dutelako identifikatu ere egin, eta uko egin diotelako saiatzen jarraitzeari. Gainera, Cabacasen heriotzak gomazko piloten eta poliziaren jardunaren inguruko hausnarketa bat ekarri bazuen ere (zenbait iturriren arabera, Ertzaintzak bota zuen gomazko azken pilota izan zen hura), berriki antzeko jokaera erakutsi du Ertzaintzak kalean, bestelako jaurtigaiekin bada ere.
Aste Santuko oporraldia zen duela hamar urte Hego Euskal Herrian, eta, apirilaren 5ean larri zauritu bazuten ere, lau egun geroago Cabacas hil zen arte agintariek ez zuten behar den bezala erreakzionatu. Lau egun horietan inor ez zen gai izan gertatutakoa azaltzeko: ospitalean zauritu bat zela bai, baina bertsio ofizialak ez zuen esaten zer gertatu zen. Patxi Lopez PSEkoa zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari PPren babesarekin, eta Rodolfo Ares zen Barne sailburu (hala deitzen zen garai horretan Segurtasun Saila). Miguel Buen Barne sailburuordeak urte batzuetara aitortu zuen ertzainek gau horretan gomazko pilotak bota zituztela ere ukatu egin zietela eurei hasieran.
Cabacas zauritu eta astebetera baieztatu zuen, ordea, autopsiak gomazko pilota batek hil zuela. Orduan eskatu zion Aresek barkamena familiari eta Eusko Legebiltzarrean esan zuen azkeneraino iritsiko zirela gertatutakoa argitzeko lanetan, «erortzen dena erortzen dela ere». Geroago frogatu zen moduan, ordea, lehen momentutik izan ziren zailtasunak Ertzaintzaren barruan hura argitzeko.
Sei ertzain epaitu zituzten
EAJ hurrengo urtean, 2013an, itzuli zen Ajuriaenera Iñigo Urkulluren eskutik, baina aldaketarik ez zuen ekarri horrek agintarien aldetik Cabacasen auzian. Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu hildako gaztearen gurasoak behin baino gehiagotan kexatu dira jendaurrean hamar urte hauetan agintarien jarreragatik, baina justiziarik ez da izan. 2018an sei ertzain epaitu zituzten. Ez zegoen horien artean, ordea, Deustuko komisariatik gau horretan operazioa zuzendu zuen arduraduna. Ugarteko ezizena zuen horrek, eta, 2013ko apirilean zabaldu zen audio batean entzun ahal izan zenez, «herriko-an zeukaten guztiarekin sartzeko» agindu zuen.
Epaiak bost ertzain errugabetu zituen, gau horretan gomazko pilotak botatzen ibili zirenak, hain zuzen ere. Seigarrenari, Juan Jose de Pablo ertzainari, bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, pilotak botatzea agintzeagatik, «horren beharrik izan gabe», epaiaren arabera. Epaiketak, gainera, agerian utzi zuen Ertzaintzaren prozedura okerra izan zela hasiera-hasieratik. Epaiaren arabera, gau hartan gazte bat gomazko pilota batez zauritu zutela jakin arren, eskopetak inolako protokolorik jarraitu gabe jaso zituzten, bakoitza nork erabili zuen zehaztu gabe; gainera, berehala garbitu zituzten, eta horiekin inolako probarik egiteko aukera deuseztatu.
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra, eta gaineratu zuen nahikoa zela oldarraldia agindu zuen ertzainak gomazko pilotak ez botatzea agintzea hura gerta ez zedin, liskarrik ez zelako han; bai, ordea, epaiaren arabera, arrisku handia: irteerarik gabeko kale bat zen, eta jende asko zegoen. Epaiketan zigortu zuten ertzain bakarrak, ordea, ez zuen espetxe zigorra bete, 2021ean Bizkaiko Auzitegiak bertan behera utzi baitzuen De Pabloren espetxe zigorraren gauzatzea, bi urtez legerik hausten ez bazuen.
Zigortutako Ertzantzaren buru horren gainetik Jorge Aldekoa zegoen duela hamar urte, Deustuko komisariako burua. Gertatutakoan ardura zuzena izan arren, Cabacas hil eta bi urtera ertzainburu izendatu zuen Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. 2018ko abenduan Bizkaiko Auzitegiak epaia eman zuenean dimisioa eman zuen.
Barne ikerketa, artxibatuta
Ertzaintzaren barne ikerketak ere ez du ezer argitu. Joan den abenduaren 15ean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi zuen artxibatu egin dutela seitik bost ertzainen kasuan, jada Ertzaintzan ez daudela argudiatuz. Absolbitu zuten ertzainetako baten kasuan soilik dago irekita, oraindik Ertzaintzan dagoelako, baina Erkorekak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuen oso zaila dela zehaztea ertzain horrek inolako araurik urratu ote zuen: «Bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete zituen, ez besterik». Cabacasen gurasoek urtarrilean BERRIAn argitaratu zuten gutunean azaldu zuten hainbeste espero zuten diziplina espediente hura «bere hartan bukatua zegoela».
Iñigo Cabacasen memoria, beraz, Ertzaintzaren 40 urteko historiaren beste orban bat da duela hamar urtetik, Rosa Zarraren izenarekin, Lasa eta Zabalaren hiletaren irudiekin eta Francisco Etxeberria forentsearen ikerketaren arabera, argitu gabe dauden Ertzainaren kontrako 300dik gora tortura salaketekin batera.
Cabacasek 28 urte zituen hil zuten egunean. Basaurin jaio zen (Bizkaia), baina aitak Bilboko Poza kalean taberna bat hartu zuenean, hiriburura egin zuen familiak. Herriko lagunak mantentzen zituen, ordea, eta Athleticen Piratak jarraitzaile taldeko kidea zen. Pitu deitzen zuten. Apirilaren 9an, larunbat honetan, hil zen egunaren hamargarren urteurrenean, berriro gogoratuko dute gomazko pilota horrek jo zuen tokian.