Duela 46 urte desagertutako eskultura bat itzultzera behartu dute Jon Buesa, EAJko goi kargudun ohi bat

Bako jainko erromatarraren burua Arkaiako (Gasteiz) obra batzuetan agertu zen 1976an. Epaile batek aginduta itzuli du lana, eskultura berak zuela aitortu ostean. Aurretik, berak zuena kopia bat zela adierazi zuen.

1976tik desagertuta zegoen Bakoren burua. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2022ko ekainaren 1a
12:31
Entzun

Azaldu da Arkaiako (Gasteiz) obra batzuetan duela 46 urte aurkitu zuten Bakoren burua: Jon Buesak entregatu du, besteak beste Arabako Batzar Nagusietan EAJren bozeramaile izandakoak. Eusko Jaurlaritzako Uren zuzendaria ere izan zen, eta 1976an obretarako Arabako Aldundiaren ingeniaria zen.

Buesak aste honetan aitortu du berak zuela marmolezko artelana, eta Gasteizko epaile batek behartu du itzultzera. Orain, Arabako Foru Aldundiaren jabetzara itzuli da; Ertzaintzaren eta foru teknikarien artean eraman dute Arabako Bibat arkeologia museora. Han berrikusi egingo dute, eta, benetakoa dela baieztatutakoan, publikoki erakutsiko dute ziurrenik. Balio handiko pieza da, II. mendekoa. Zortzi zentimetroko zabalera eta hamabiko garaiera du, nahiz eta ez dagoen oso-osorik.

Kopia bat?

Jakina zen artelana bere ardurapean izan zuen azken pertsona Buesa zela, aldundiko ingeniaria zen garaian. Ikerketa, ordea, aurten suspertu da berriz, El Correo egunkariak urtarrilean ateratako artikulu baten harira. Foru Aldundiak salaketa jartzea erabaki zuen, eta Buesa deklaratzera deitu zuen epaileak. Orduan esan zuenez, berak zuen artelana kopia bat zen, eta ez zekien benetako pieza non zegoen. Orduan, aldundiak kopia hori entregatzeko eskatu zion, azter zezaten. Ez zuten erantzunik jaso, atzo arte.

Arkaian aurkitutako gainontzeko piezak Bibat museoan daude. Han egon zen erromatarren Suestatium hiria, eta arkeologoek balio handiko informazioa eskuratu dute aztarnategi horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.