Arkeologia

Duela 11.000 urte baino gehiagoko giza hezurdura bat aurkitu dute Loizun

Iberiar penintsulan apenas aurkitu duten horren eskeleto zaharrik, osorik. Holakoak egon ohi diren baino hobeto dago. Itxura batean, ehortzi egin zuten.

Loizun aurkitu duten hezurdura. NAFARROAKO GOBERNUA
Andoni Imaz - Joxerra Senar
2021eko martxoaren 12a
10:59
Entzun

Nafarroako Gobernuak aurkikuntza handi baten berri eman du gaur: Loizuko gizona aurkeztu du, duela 11.700 urte baino gehiagoko hezurdura bat. Gizaki haren eskeletoa osorik topatu dute lurpean, eta hori da, hain zuzen, aurkikuntzaren bereizgarririk handiena. Iberiar penintsulan apenas aurkitu duten horren giza hezurdura antzinakorik. «Aztarna hauek bakarrak dira Iberiar penintsulan, eta oso kasu arraroa kontinentean», azaldu du Pablo Arias Kantabriako Unibertsitateko historiaurreko ikerketen nazioarteko institutuko arduradunak. Pribilegiotzat jo du haren aztarnak aztertu ahal izatea.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilaria izan dira goizean Erroibarren, Errotalde I haitzuloan, aurkikuntza aurkezteko. Nafarroan azken urteetako historiaurreko aurkikuntzarik garrantzitsuena dela adierazi dute. Arrastoak 2017ko azaroan topatu zituen Sakon espeoleologia taldeak, baina prozesu luzea izan da aztarnak identifikatu ahal izatea. Besteak beste, Errotalde I haizuloan 150 metrora zeuden hezurrak, eta, hara iristeko, arrastaka joan behar da tarte luze batez.

Itxura denez, 17 eta 21 urte arteko gizonezko batenak dira hezurrak. «Ohiz kanpoko egoeran» aurkitu dute, bikain kontserbatuta, Nafarroako Gobernuak adierazi duenez. Gorpua ahoz gora ehortzi zuten, luzatuta, eskuak sabelaren gainean zituela. Burezurrak zulo bat du, eta, haren ezaugarriak ikusita, agian heriotza horrek eragin zuela pentsatzen dute adituek. Jaurtigai batek egin izana da hipotesietako bat, baina ondorengo hilabeteetan egingo diren ikerketek zehaztuko dute zergatik hil zen.

Liburua ireki besterik ez

Izan ere, ikerlariek azaldu dutenez, aurkikuntzaren hasiera baino ez da hori. «Liburua ireki baino ez dugu egin». Hemendik aurrera, aztertzeko hari ugari irekiko zaizkio uneotan 26 kidek osatutako disziplina anitzeko taldeari. Lehenik, ikerketa lerroen artean dago arrastoen azterketa genetikoa, aurkitutako gizonezko haren ondorengoen zuhaitz genealogikoa zehazteko asmoz.

Bigarrenik, ondo kontserbatutako hortzek aditzera emango dute zerekin elikatzen zen. Garai hartan, ehiztariak eta biltzaileak ziren —nekazaritza aldi hartan hasi zen garatzen Mediterraneoaren beste aldean, baina 6.000 urte geroago heldu zen Euskal Herrira— , eta inguruko oreinak eta ahuntzak ehizatuz eta erreketan amuarrainak eta izokinak arrantzatuz elikatzen ziren. Ariben, 4.000 urte lehenagoko emakume baten arrastoak ikertuz, hori ondorioztatu zuten. Dena den, orain hori ere ikertuko dute, eta argitu nahi dute ea haren elikaduran kostaldeko dietarik badagoen eta, hortaz, haraino joan ote zen. «Kostaldea urruti dago, baina asko mugitu ohi ziren», dio Jesus Garcia Gazolaz Nafarroako Gobernuko Arkeologia eta Ondare Erregistro arloko arkeologoak. 

Hirugarrenik, heriotza eta ehorzketa bera beste lerro interesgarri bat da ikertzeko. Ziurrenik, baltsamatu egin zuten. Inguruan zuen pigmentazio gorrixkak aditzera ematen du estaltzen zuen oihala gorria zela eta ilea eta aurpegia gorrixkak zituela. Jesus Garcia Gazolazen arabera, «balio sinbolikoa» izan dezake horrek. Topatu den tokiak ere erakusten du toki berezi batean ehortzi zutela; pasabidea iristeko oso zaila da, baina irekigune batean zeuden hezurrak. Egun, haraino iristeko baldintzek ezinezko egiten dute gorpu bat mugitzea, eta Sakon taldeko espeleologoek uste dute leitzeak egun blokeatuta dagoen beste sarbide bat zuela ordu hartan. Ez dute topatu.

K.a. 9700. urtea

Karbono-14aren bidez egin dituzten lehen proben arabera, eskeletoak 11.700 bat urte dituela ondorioztatu dute: Pleistozenoaren eta Holozenoaren arteko trantsizio aroan kokatu dute, beraz —K.a. 9.700 urte ingurukoa—. Izan ere, Pleistozenoa duela bi milioi urtetik duela 12.000 urte ingurura arteko aroa da, eta Holozenoa, berriz, ordutik gaur egun artekoa. Garai horretako erregistro antropologiko gutxi daude Europako mendebaldean. Ikerlarien arabera, klima bereziki hezea zen, eta udan neguan baino euri gehiago egiten zuen.

Aurkikuntzak badu beste bereizgarri bat ere. Hezurdura topatu dute paisaia karstiko batean, eta sarbide errazik ez duen leku batean. Iberiar penintsulan, gisa horretako kasurik zaharrenak Mesolitokoak dira, duela 12.000 bat urtetik duela 8.000 urte ingurura artekoak; hortaz, Errotalde I haitzuloko eskeletoa kasu bakana da.

«Ez genekien noizkoa zen»

Loizuko gizona kobazuloaren sarretatik ia 200 metrora aurkitu dute, 45 bat minutuko bidea egin eta gero, meandro fosil batean, bide estu bat igarota. Sakon taldeko espeleologoek aurkitu zuten, 2017ko azaroaren 20an. Aurkikuntza halabeharrez izan zen. «Taldeko hiru kide galeria estu batera iritsi ziren, eta aurretik zihoanak aurkitu zituen hezurrak. Argazkiak atera genituen, eta ez genuen ukitu. Ez zegoen oinetakorik, ez zegoen ezer; ez genekien noizkoa zen hezurdura», azaldu du Xabier Azanza espeleologoak.

Prozesua luzea izan da horregatik. Nafarroako Gobernuko Ondarearen atalari jakinarazi zitzaion, baina horrelako abisu gehiago jaso ohi dituzte. Auzi medikua ere pasatu zen handik, nahiz eta hezurrak oso toki zailean egon, eta hark adierazi zuen hezur haiek aspaldikoak zirela. Gerora, Nafarroako Gobernuko arkeologia taldeko Maitane Tirapu egon zen bertan, eta laginak atera zituen. Konfinamendu aurretik izan zen hori, baina pandemiak atzeratu egin du dena. Dataren emaitzak jakin ostean, azterketak bizkortu egin dira.

Lan handia izan dute hezurrak hortik ateratzen. Gaur goizeko hamarretan ezagutarazi dute dena, baina azken 12 orduetan egon dira hezurra ateratzen: Bidearen zati bat etzanda egin behar da, arrastaka, soilik pertsona bat kabitzen den pasabide batetik. Sakonek lan handia egin du ikerlariak atzera-aurrera ibili ahal izateko eta haien lana errazteko. Maria Txibite bera buru dela, Nafarroako Gobernuak esker ona adierazi dio Sakon taldeari, arrastoak ez ukitu eta ondarea errespetatzeagatik. Horrek asko lagundu du kontserbazioan eta hemendik aurrerako ikerketan.

Diziplina anitzeko 26 laguneko talde bat egongo da arrastoak aztertzen. Besteak beste, Kantabria, Burgos, York, Uppsala, Cambridge eta CSICeko ikertzaileak ibiliko dira ikerketan.

Hezurren aurkikuntzak

Orain arte Euskal Herrian erregistratutako ehorzketarik zaharrena duela 8.300 urte ingurukoa zen. 2003. urtean aurkitu zuten Jaizkibelgo itsaslabarrean. Milaka itsaski oskolen artean agertu zen, fetu jarreran ehortzita, besoak eta hankak lotuta zituela. Juan San Martin idazle eta arkeologo zenak aurkitu zuen hobiratzea 1984an, eta Aranzadi zientzia elkarteak 2002an abiatu zuen ikerketa. J3 jarri zioten izena. Bidasoko Hitza-k jaso zuen hezurdura hari buruzko erakusketaren berri.

Aurkikuntza horien aldean, ordea, askoz ere zaharragoa da Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxiki kobazuloan 1964an aurkitu zuten humero hezurra: 164.000 urte ditu, gutxienez, 2014an aurkeztu zuten ikerketa baten arabera. Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena da hori, eta Europan hori baino zaharragoak gutxi daudela esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.