Drogekiko heziketa ardatz, 20 urte egin ditu Askagintzak

Herri erakunde izaera galdu gabe, zerbitzuak profesionalizatzeko eta elkarlana indartzeko asmoa adierazi du

MIKEL PERUARENA ANSA HERNANI
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
«Drogak izan dira, badira eta izango dira; haiekin elkarbizitzen ikasi behar dugu». Askagintzako kide Bakartxo Iragik horrela laburbildu du Askagintzaren 20 urteko ibilbidea. 1988an sortu zen erakundea, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa), 70eko hamarkadan barrena han-hemenka sortu ziren zenbait herri erakundek elkartzea erabaki zutenean. Aurten berriz itzuliko dira Etxarri-Aranatzera, 20. urtemuga ospatu asmoz.

Maiatzean X. batzarra egin zuen Askagintzak Hernanin (Gipuzkoa). «Geldiune garrantzitsua izan zen aurrera begiratzeko», Iragik dioenez. Sortu zenetik «ekintza eta esku-hartze ugari» egin ditu Askagintzak eta, 20 urte pasa ostean, hausnarketa burutu du, egindakoaz eta egiteke dagoenaz. Iragiren ustez, «Askagintzaren ibilbidea positiboa izan da, batik bat, herri erakunde izaera galdu gabe, lan profesionala egiteko erronkari eutsi diolako».

Sorrerako helburuak eta xedeak mantentzen ditu Askagintzak, Iragiren esanean: «Droga mendekotasunen fenomenoa normalizatzearen alde aurrera egin nahi dugu; gu ez gaude drogen kontra, kontsumo arduratsua zabaltzearen alde baizik». 70eko hamarkadan agertu zen droga mendekotasunen fenomenoa Euskal Herrian eta, harrezkero, asko aldatu dira kontsumitzeko moduak eta ohiturak. Askagintzak ere erralitate aldakor horretara moldatu behar izan duela jakinarazi du Iragik. Esate baterako, alkohola kontsumitzeko ohiturak aldatu egin direla eta azkenaldian gai horrekin arduratuta dabiltzala adierazi du.

Orain arte egindako lanari jarraipena emango dio Askagintzak, osasun heziketan, prebentzioan eta salaketan. Aurrerantzean ere, elkarlana sustatzeak garrantzi berezia izango du, Iragiren ustez: «Sarea osatzea, herri erakundeekin, instituzioekin, guztiok batera lan egiteko, garrantzitsua da». Maiatzean egin zuten hausnarketa herri eta auzo guztietara zabalduko dutela jakinarazi du Iragik, udazkenetik aurrera. «Gogoak ematen digun arte lanean jarraituko dugu, sustatuz, bilduz eta parte hartuz».

Larunbat honetan Bizirik Eguna ospatuko da Etxarri-Aranatzen

Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) izango da aurten Bizirik Eguna, larunbat honetan. Goizeko 11:00etan egin dute zita, Kultur etxean. Topaketak egingo dituzte, eta baita «sudur gorrien banaketa» ere. Izan ere, pailazoen ikuskizunak -Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut eta Ohiulari Klown taldearen Mamu txikiak- ikusi ahal izango dira Etxarri-Aranazko frontoian, arratsaldeko bostetatik aurrera. Aurretik, bazkaria egingo dute eta, antolatzaileen esanean, «beharrezko da sudur gorriak jantzita» joatea. 1990ean ospatu zen, lehenbiziko aldiz, Bizirik Eguna, Lekeition (Bizkaia). Harrezkero, urteroko zita izan du Askagintzak, eta aurten ere ez du hutsik egingo.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.