Ertzaintzako patruilaburu batek droga hartu zion narkotrafikoagatik atxilotutako bati, eta epaiketan laguntza agindu zion drogaren truke. Joan den astelehenean Gipuzkoako Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu bazuen ere, ertzaina ez da kartzelan sartuko, delitua aitortu duelako eta urte eta erdiko kartzela zigorra onartu duelako.
Ikusi gehiago
Gaur hastekoa zen, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalean, zinpeko epaimahai bidezko epaiketa, baina ertzainak delitua aitortu du hasi baino lehenago. Adierazi du behin baino gehiagotan mehatxatu zuela droga trafikatzeaz akusatutako gizon bat, eta gramo erdi bat kokaina hartu ziola epaiketan onurak edukitzearen truke. Hortaz, hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra onartu du, baina ez da kartzelan sartuko. Hori bai, hurrengo hiru urteetan deliturik ez egiteko baldintza jarri diote.
Fiskaltzak funtzionario eroskeria eta desleialtasun delituak egotzi zizkion, ustez polizia idazki bat ere lapurtu zuelako. Baina, azkenean, droga mendekotasunaren aringarri oso kualifikatua aplikatu diote. Are, fiskaltzak adierazi du funtzionario eroskeriaren barnean sartzen dela desleialtasun delitua, eta, beraz, kartzela zigorra murriztu dakiokeela urte eta erdira.
Ertzainak ezingo du inolako kargu eta lanpostu publiko bete lau urte eta erdiz, eta, horrez gain, 360 euroko isuna ordaindu beharko du. Hasieran, Fiskaltzak hamalau urtez inhabilitatzeko eta 10.800 euroko isuna eskatu zuen ertzainarentzat.