Migrazio mugimenduak gorantz doaz mundu osoan, eta fenomeno horrek Euskal Herrian ere eragina du. Euskal Herriko hamar herritarretik ia hiru hemendik kanpo jaioak dira, eta kopuruak gora egingo du datozen hamarkadetan. «Inoizko Euskal Herri pluralenean bizi gara», adierazi du Sortuk. Horrexegatik, jatorri eta kultur aniztasun hori euskal nazioaren eraikuntzan uztartzeko erronkari nahitaez heldu behar zaiola uste du alderdi politikoak. Hartara, gaiaren inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusi bat atera: «Euskal Herrian elkarrekin bizi garenok elkarrekin eraiki behar dugu etorkizuna».
Bizpahiru urtez aritu da Sortu etorri berriak euskal egitasmo nazionalera erakartzeko proposamenak lantzen. Prozesua amaituta, emaitza Bidaide liburuxkan jaso du. Immigrazioa fenomeno konplexua dela berretsi du, eta, ondorioz, tentsio eta gatazka iturri ere badela. Immigrazioak kezka sortzen du gizartean, eta zaila da hori kudeatzen. Gainera, mundu osora hedatu den migratzaileen aurkako giro erreakzionarioak ez du laguntzen. Euskal Herria ez dago joera horretatik salbu. «Hemen muturreko jarrerek eta mezuek oraindik indar gutxi duten arren, ezkutuan dauden diskurtso batzuei ateak itxi behar zaizkie ahalik eta lasterren», adierazi du Xabier Iraolak, hausnarketa prozesu horren arduradunak.
Horrenbesteko irismena eta indarra duten hedabideetan eta sare sozialetan etengabe zabaltzen diren aurreiritzi horiei nola aurre egin galdetuta, irmo erantzun du: «Politikoki eta ideologikoki ondo mamitutako proposamen bat eginda». Datozen asteotan plazaratuko dute herrietan.
Migrazio mugimenduen hazkundea ikusirik, hiru jarrera daude, Sorturen aburuz: ez ikusiarena egitea, mehatxu gisa ikustea eta aukeratzat hartzea. «Euskal Herrira datozenak gure herri proiektura batzea beste aukerarik ez dago; beraz, ez du merezi irtenbiderik gabeko beste hautuetan katramilatuta geratzea eta horretan indarra galtzea».
Proposamena osatzerakoan, Sortuk tupust egin du Euskal Herriaren egungo marko politikoaren mugekin: «Kultura eta hizkuntza gutxituak dituen estaturik gabeko nazio ukatu eta zatitua gara. Ez daukagu gure herriaren beharrei egokitutako immigrazio politikak erabakitzeko ahalmenik, eta horrek izugarri mugatzen gaitu. Agerikoa da Euskal Herrian eta Alemanian ezin diegula tresna berberekin aurre egin diskurtso eta jarrera autoritarioei eta arrazistei», adierazi du Iraolak.
Estaturik gabeko herria izatearen mugak ez ezik, mende honetako immigrazio berriaren ezaugarriek —etorri berrien jatorria, kultura eta erlijioa askoz ere askotarikoagoak dira— are gehiago zailtzen dute herri proiektu bateratua osatzea, Sorturen arabera. Horri ikusita, multikulturalismoa gainditzea eta kulturartekotasunera jauzia egitea da proposamena: «Multikulturalismoan kultura eta hizkuntza desberdinak onartzen dira, baina horrek ghettizazioa ekarri du. Kulturartekotasunak, berriz, kultura horien elkarreragina sustatzen du». Sorturen aburuz, Euskal Herriak politika horiek egiteko burujabetza izango balu, euskara eta euskal kultura izango lirateke elkarreragin horren ardatza. «Baina badakigu oso lan desberdina egin behar dela pertsona etorri berriekin Ondarroan egon edo Bilbon egon».
«Gure herriaren beharrei egokitutako immigrazio politikak erabakitzeko ahalmenik ez daukagu. Agerikoa da Euskal Herrian ez ditugula Alemaniak dituen tresna berberak diskurtso eta jarrera arrazistei aurre egiteko»
XABIER IRAOLASortuko Herrigintza idazkaria
Eskuin muturrak lortu du bere diskurtso erreakzionarioa mundu osoan txertatzea, eta Euskal Herrian ere «amua irentsi dute beren burua ezkerrekotzat duten batzuek». Horri aurre egiteko, Sorturen iritziz, lehenik, agerian utzi behar dira diskurtso horren atzean dauden interesak; bigarrenik, «gure herriak dituen gaitasun guztiak baliatu behar ditugu diskurtso horiek desegiteko». Horretarako, beharrezkoa da erakunde publikoen esku hartzea, baita komunitateen eta herrien bultzada sendoa ere. «Herri bat eraikitzeko, funtsezkoa da kohesioa; ez dugu irudikatzen jatorri desberdinetako komunitateak ghettoetan banatutako herririk».
Euskarari buruzko ardura
Immigrazioak euskararen iraupenean izan lezakeen eragin negatiboaren inguruko kezka sumatzen da zenbait euskaltzaleren artean. Euskararekiko atxikimendurik gabe eta, gehienetan, ohiko bizimodua egiteko euskararen beharrik gabe, etorri berriak nekez gerturatuko dira euskarara. Xabier Iraolaren ustez, ez da zilegi migratzaileen bizkar uztea euskararen iraupenaren arazoa. Migrazioa ez da, haren iritziz, euskararen mehatxu nagusietako bat. «Estatu frantziarra eta espainiarra dira gure hizkuntzarentzako mehatxu nagusiak eta indartsuenak. Biek ala biek gure herria, kultura eta hizkuntza desagerrarazi nahi dituzte». Horren adibide da euskararen ofizialtasuna ez dagoela bermatuta lurralde osoan.
Bi estatuen jarreran ez ezik, hemengo erakundeetan ere argi-ilunak dira nagusi. «Gure tokiko administrazio publiko batzuek ez dute hizkuntza politika eraginkorrik garatzen, eta hezkuntza eta hedabide publikoak ere ez dira euskalduntzeko tresna». Horretaz gain, Iraolak gogorarazi duenez, Euskal Herriko zenbait sindikatuk eta alderdi politikok ere euskararen aurkako diskurtsoak egiten eta helegiteak aurkezten dituzte epaitegietan. «Hori da euskarak duen benetako arazoa, ez migratzaileak».
Datuetan oinarrituta, migratzaileek eta bertakoek eskoletan egiten duten hizkuntzaren hautuan ez dago alde handirik. «Etorri berrien artean badago nahi bat seme-alabek euskara ikas dezaten eta euskal kulturan murgil daitezen. Gainera, ezin zaie haiei exijitu bertan jaiotakoei exijitzen ez zaiena».
Euskal kulturari dagokionez, arriskua ikusten dutenen mezuak gorabehera, Iraolaren aburuz, «dramatismorik gabe bizi behar dugu, kulturartekotasun horren barruan, euskararen eta euskal kulturaren birmoldaketa». Hartara, euskal kultura eta euskara mendeetan aldatuz joan dela nabarmendu du Sortuko kideak, eta duela 50 urteko euskal kultura eta egungoa ez dela bera. «Zetak taldeak egin berri duen proposamena, kasurako, duela 50 urte euskal kulturatzat joko zuten?». Are gehiago: «Etengabeko eraldaketa horrek bermatuko du euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna. Ez da erronka makala, baina ezin diogu heldu defentsiban jarrita».