Dozenaka nekazarik eredu agroekologikoaren aldeko apustua eskatu diete erakundeei

Egurra Ta Kandela baserritar kolektiboak deitu du protestara, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. Haren esanetan, eredu agroekologikoa da egokiena «hondamendi ekologikoari» eta «kapitalismoaren krisiari» erantzuteko.

Nekazaritza agroekologikoaren aldeko mobilizazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Nekazaritza agroekologikoaren aldeko mobilizazioa, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 16a
14:15
Entzun

Nekazarien protesta olde betean, agroindustriaren interesetatik bereizi nahi izan du Egurra ta Kandela baserritar kolektiboak, eta elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren parean. Haren deialdiarekin bat egin dute EHKO elkarteak eta Biolurrek. Protestan, elikadura osasuntsua izateko eskubidea aldarrikatu dute, baita «betebehar burokratikoak» arintzeko eskatu eta merkataritza libreko itunak amaitzea galdegin ere. Adierazi dutenez, premiazkoa da nekazaritza eta abeltzaintza «errotik» aldatzea.

Deitzaileen esanetan, nekazariak «gupidarik gabe» egongo dira behartuta lehiara, merkataritza libreko itunek indarrean jarraitzen duten artean, eta salatu dute ez dutela inolako erabakimenik beren produktuen salmentaren gainean, azalera handiko supermerkatuen eta elikagaien banaketa «oligopolio bat» baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiari mintzatu zaizkio espresuki. Haren nekazaritza politikak «eredu industrialean» oinarritzen direla ohartarazi dute. Kritikatu dutenez, aldundiak agroekologiaren aldeko proposamenak gutxiesten ditu.

Gaineratu dute erakundeek nekazariei ezartzen dizkieten «eskakizun burokratikoak» traba bat direla jarduera agroekologikoarentzat. «Nekazariak itotzen dituzte, eta familia eredua alboratzen dute». Haien esanetan, zailtasun horien eraginez, erakundeek «elikagai sintetikoen industria» bultzatzen dute, eta diru publikoa bideratzen dute «nekazaritza makroproiektuetara».

Bestalde, kezkatuta agertu dira klima larrialdiaren ondorioz pairatzen duten ur eskasiagatik eta klima ezegonkortasunagatik. «Kalte handiak» jasaten ari direla nabarmendu dute.

Hain justu, «hondamendi ekologikoari» irtenbidea emateko, ezinbestekotzat jo dute eredu agroekologikoa sustatzea. Adierazi dutenez, eredu hori da «kapitalismoaren krisiari» hobekien aurre egin diona; «lan duina» eskaintzeko, «bertako kontsumoa» sustatzeko eta baserritarren azokak indartzeko baliagarriena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.