Dozenaka lagun elkartu ziren Baionako herriko etxe aitzinean immigrazio lege proposamen berriaren aurka, atzo. Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek deitu zuten mobilizaziora, Frantzian egin zen Elkartasunerako eta Arrazakeriaren Aurkako Martxa dinamikarekin bat eginez.
Protestariek afixa handi bat itsatsi zuten Baionako herriko etxe aurrean, Darmanin legeari ez leloduna. Horrez gain, hainbat protestarik esku artean zituzten afixak irakurtzen joan ziren banan-banan, sinbolikoki zakarrontzira bota aurretik. Esaldiek legeak ukango lituzkeen ondorioak adierazten zituzten. Eñaut Aramendi Etorkinekin Diakiteko kideak azaldu zuenez, «legeak pentsaraz dezake nonbait migrazioa erraztuko lukeela, hala nola lanari buruzko neurriengatik; guk, esaldi hauen bidez frogatzen dugu ezetz, legeak oztopo gehiago sortuko dituela». Izan ere, lege proiektuaren helburua etorkinen kanporaketa erraztea da, asilo sistema erreformatzearen bidez.
Ekitaldian, Amaia Fontang Etorkinekin Diakite elkarteko kideak «migrazio politika duinaren» aldeko aldarria egin zuen. Astearteko atxiloketak ere izan zituen gogoan. Fernand Perret atxilotuetako batek hartu zuen hitza: gainontzeko lagunei «laguntza eskaintzea ilegala ez dela» oroitarazi nahi izan zien. Azkenik, egunean zehar Hendaian eta Baionan izan zen Edwige Diaz RN Batasun Nazionala alderdiko diputatua ukan zuten aipagai: «Eskuin muturreko talde honek zabaltzen dituen ideia arrazista eta xenofoboak gaitzesten ditugu».
Gaur-gaurkoz, Frantziako Gobernuak lege proposamenaren azterketa gibelatua du. Martxoaren 28an eztabaidatua izan behar zuen Senatuaren saio publikoan.
Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka
Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu