Mintzapraktika egitasmoak aurten 30 urte beteko dituela eta, dozenaka mintzalagun, mintzakide eta berbalagun Donostian batu dira gaur, Mintza Egunean. Euskaltzaleek elkar ezagutzeko eta komunitatea trinkotzeko baliatu dute hitzordua.
Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak aurten 30 urte sortu zuen Mintzalagun, eta hori ospatzeko parada ere izan da gaurko eguna. Bagerak berak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, egitarau zabala izan dute: bertsoak, bazkaria, haurren txokoa... Gainera, iaz bezala, mundu osoko kideekin harremana edukitzeko aukera ere izan dute San Telmo museoko Mintzodromoan.
Baina zer da Mintzapraktika egitasmoa? Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak ohiturarik ez dutenekin elkartzeko ekinbide bat da. Egun, Euskal Herri luze-zabalean, 7.000 mintzalagun inguru elkartzen dira astero. Helburuak hauexek: lotsak gainditzea, akatsak egiteari beldurra kentzea, hizkuntza ohiturak aldatzea, erabileran trebatzea, ezagutza partekatzea, euskararen alde nork bere alea jartzea...
Gainera, aurrez aurre ez ezik, modu telematikoan ere parte har daiteke. Mintzanet-ek eta Jalgi Hadi Mundura-k sarean elkartzen ditu bidegileak —euskaraz egiteko ohiturarik ez dutenak— eta bidelagunak —euskaraz aritu ohi direnak—.
Mintza Eguna
Aurtengoa ez da lehen Mintza Eguna; Euskaltzaleen Topaguneak 2006an antolatu zuen lehenengoa Iruñean. Ordutik, urtero egin dute: Donostian, Getxon (Bizkaia), Gasteizen, Arrasaten (Gipuzkoa)...