Dozenaka euskaltzale bildu dira Donostiako Mintza Egunean

Bagera elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egun osoko egitaraua antolatu dute, Mintzapraktika egitasmoak 30 urte bete dituela eta

Jendea Mintza Egunean, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Mintzapraktika egitasmoak aurten 30 urte beteko dituelako, dozenaka mintzalagun, mintzakide eta berbalagun Donostian batu ziren atzo, Mintza Egunean. Euskaltzaleek elkar ezagutzeko eta komunitatea trinkotzeko baliatu zuten hitzordua.

Donostiako Bagera euskaltzaleen elkarteak aurten 30 urte sortu zuen Mintzalagun, eta hori ospatzeko parada ere izan da Mintza Eguna. Bagerak berak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, egitarau zabala izan dute aukeran bertaratutakoek: bertsoak, bazkaria, haurren txokoa, erromeria... Gainera, iaz bezala, mundu osoko kideekin harremana edukitzeko aukera ere izan dute San Telmo museoko Mintzodromoan.

Baina zer da Mintzapraktika egitasmoa? Euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak ohiturarik ez dutenekin elkartzeko ekinbide bat da. Gaur egun, Euskal Herri luze-zabalean, 7.000 mintzalagun inguru elkartzen dira astero euskaraz aritzeko. Helburuak hauexek: lotsak gainditzea, akatsak egiteari beldurra kentzea, hizkuntza ohiturak aldatzea, erabileran trebatzea, ezagutza partekatzea, euskararen alde nork bere alea jartzea... Aukera bat baino gehiago daude: besteak beste, gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna eta emakume taldea.

Gainera, aurrez aurre ez ezik, modu telematikoan ere parte har daiteke. Mintzanet-ek eta Jalgi Hadi Mundura-k sarean elkartzen ditu bidegileak —euskaraz egiteko ohiturarik ez dutenak— eta bidelagunak —euskaraz aritzen direnak—.

Mintza Eguna

Aurtengoa ez da lehen Mintza Eguna; Euskaltzaleen Topaguneak 2006an antolatu zuen lehenengoa Iruñean. Ordutik, urtero egin dute: Donostian, Getxon (Bizkaia), Gasteizen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.