Koronabirusa

Dosirik ez xahutzeko sarea

COVID-19aren kontrako txertoen dosiak ez xahutzeko, Covidliste aplikazioa jarri dute martxan. Angeluko txertaketa gunean 50 bat herritar txertatu dituzte horri esker.

Moderna txertoaren bi bial; hamar dosi ditu bakoitzak. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Zer gertatzen da txertoa hartzeko ordua hartu eta aurkezten ez direnen dosiekin? Hain zuzen, galdera horri erantzuteko tresna bat sortu dute Covidliste aplikazioaren sortzaileek. Frantziako Estatu osoan jarri dute martxan, eta Ipar Euskal Herrian, Angeluko eta Miarritzeko (Lapurdi) txertaketa guneak egin dira partaide. Helburua argi dute: txertoaren dosi bakar bat ere ez galtzea. Horretarako, herritar orok eman dezake izena Covidlisteren zerrendan. Txertaketa guneko arduradunak eman gabeko dosien kopurua zehazten du, eta, horren arabera, hartzeko prest diren herritarrekin jartzen da harremanetan, Covidliste aplikazioaren bitartez.

Angeluko txertaketa guneaz arduratzen da Christiane Bossavie ospitaleko langile eta hautetsia. Azaldu du orain arte adinaren araberako irizpideei atxikita banatu dituztela geratu zaizkien dosiak, baina aldaketa hemen dela: «Txertoa har dezakeen taldearen adina bost urtez apaldu dugu orain arte. Baina, gaurtik aitzina, Frantziako Gobernuak iragarritako irizpidea hartuko dugu: 18 urtetik gorako edonori zabalduko diogu aukera».

Izan ere, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak txertaketa erritmoa zalutzeko erabakia hartu zuen iragan astean. Hala, iragan asteburutik, 50 urtetik gorako herritar guztiek har dezakete txertoa Iparraldean, eta ekainaren 15etik aurrera, heldu orori irekiko diote txertaketa. Anartean, dosirik ez xahutzeko, txertaketa guneetan sobran diren dosiak 18 urtetik gorakoek hartzeko aukera ere zabaldu du Macronek, gaurtik aurrera.

Erronka horretaz arduratzeko sortu zuten Covidliste aplikazioa, hain zuzen. Orain arte, txandara agertu ez diren herritarren dosiak banatzeko irizpideak hautatu behar zituzten txertaketa guneetako arduradunek, dosi kopuruaren eta boluntario kopuruaren arabera. Germain Carre programatzailea da, eta laguntzaile gisa ari da Covidliste proiektuan, sortu zutenetik. Mediku batek eta bi informatika ingeniarik abiatu zuten proiektua. «Medikuaren problematika zen sobera diren dosiak hartzeko boluntarioak atzematea. Bi ingeniariek gaitasun teknikoa zuten hori egiteko», azaldu du Carrek.

Martxoaren 30ean sortu zuten Covidliste webgunea. Hasieran, hiru sortzaileen helburua zenjendeak izena emateko aukera izatea. Ondotik, txertaketa guneei aukera eman diete partaide izateko, eta dozena bat laguntzailerekin hasi zuten proiektua. «Pixkanaka, sare sozialen laguntzaz, partaide eta boluntario kopurua emendatu da», azaldu du Carrek.Azken datuen arabera, Frantziako Estatuko 1.650 txertaketa gunek parte hartzen dute egitasmoan, eta, hasieratik, ia 11.700 pertsonak hartu dute txertoa bide horri esker. Guztira, milioi bat boluntariok eman dute izena.

Angelun, Bossavieren arabera, 50 bat paziente txertatu dituzte Covidlisteren boluntario zerrendatik hartuta. Bossavie: «Sistemak ongi funtzionatzen du. Eguna bukatzean, dosi batzuk sobera baditugu, datuak aplikaziora igortzen ditugu: zein txerto den, zenbat dosi ditugun, eta zein publiko lehenesten dugun».

Datu horiek bildu, eta Covidlisten algoritmoek egiten dute lana, betiere txertaketa guneko medikuen irizpideak kontuan izanda, eta osasun agintarien neurriak errespetatuta. Dosi kopurua helaraztean, irizpideekin bat egiten duten boluntarioen zerrenda aurkitzen du algoritmoak; ondotik, SMS bat igortzen die zerrenda horretako hainbat herritarri, eta fiteen erantzuten duen pertsonak lortzen du ordua.

Kanpainaren osagarri

Mota horretako aplikazioak Frantziako Estatuaren txertaketa kanpainaren «osagarri» ikusten dituzte Carrek eta Bossaviek. Carre: «Ez da txertaketa kanpainaren hutsune bat betetzeko premiatik abiatu ideia. Ehunka laguntzaile ari gara elkarlanean, hasieran gutxi ginen, eta krisitik ateratzeko dagokigun alea ekarri nahi dugu. Finean, txertaketa guneentzat lagungarri den sistema bat plantan ezarri dugu».

Izan ere, txertoak kontserbatzeko baldintzek korapiloak sor ditzakete, txerto bakoitzaren arabera aldakorrak baitira epea eta tenperatura. Elementu horiek kontuan hartuta jardun behar dute txertaketa guneetako arduradunek, eta zehatz-mehatz pentsatu behar dute antolaketa. Hala, aldez aitzinetik ordua hartua duen herritar bat ez bada agertzen, dosia xahutzeko arriskua sortzen da, ezin baita nahi bezain luzaz kontserbatu.

Bossaviek dioenez, «gutxi dira» ordua hartu eta agertzen ez direnak. «Zehazki ezin dugu jakin zein arrazoiengatik ez den azaltzen pertsona bat. Eri delako, beste gune batean jada txertoa lortu duelako... Dena den, kasu horretan garrantzitsuena da boluntario bat aurkitzea», azaldu du. Carrek ezinbestekotzat jodu aplikazioaren erabilera hedatzea. Gaurtik aitzina 18 urtetik gorako herritar guziek jartzen ahalko dute txertoa, sobran diren dosiak baliatuz. Carreren ustez, irizpide berriek antolaketa zaildu dezakete orain txertaketa guneentzat. «Horien laguntzeko sortu ditugu algoritmoak», segurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.