Dorre bera, hamaika begirada

Frackanpadan, Subilla Gasteizen, haustura hidraulikoari aurre egiten dioten munduko hamaika lekutako pertsonak bildu dira. Enpresen izenak bertsuak dira askotan (Chevron, Shell...), baina zundaketa dorreei aurre egiteko ekinbide eta hausnarketak, askotarikoak.

Balcomben (Erresuma Batua) haustura hidraulikoaren aurka egindako ekintza, 2013. urtean. BOGDAN MARAN / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Fracking. Urte gutxian sakon txertatu da hitz hori herrialde askotako agendetan. Hitz magikotzat saldu zuten hasieran. Erregai fosilen produkzioaren gainbehera sumatzen hasi zenean, etengabe gora zihoan kontsumoari heltzeko giltza gisa aurkeztu zuten. Gasa eta petrolioa erauzteko teknika horren ajeak ezagutarazten hasi zirenerako, munduko lau bazterretan fracking dorreak aurreikusiak zeuden; ordea, gehienetan, nahi ez zuten emaitza izan dute: bertakoen aurkakotasuna.

Subilla Gasteizko Frackanpada arazo horri buruzko ahots anitzen topaleku da egunotan. Haustura hidraulikoaren aurkako mugimendua ardatz duen nazioarteko kanpaldi horretan, enpresa multinazionalen asmoei aurre egiteko ekinbideak partekatu dituzte hainbat eragilek, tokian tokiko berezitasunen eraginaz hausnartuta. Hain zuzen ere, denboraren joanarekin, erregai ekoizle multinazionalek geroz eta herrialde gehiagotara zabaldu dituzte fracking egitasmoak.

Zenbait adituk ohartarazi dute munduan hedatzeko asmoa teknika baliatzen duten enpresen gainbeherarekin batera gertatzen ari dela. 2015eko lehen lau hilabeteetan, 100.000 lanpostu galdu zituzten sektoreko enpresek: Baker Hughes, Chevron, BP, Schlumberger... Halaber, Antonio Turiel Fisika Teorikoko doktoreak jakinarazi du AEBetan martxan dauden putzuak %60 gutxitu direla urtebetean. Ordea, teknika hori hainbat herrialdetan erabiltzeko asmoa indartsu sartu da kontinente gehienetan.

ERRUMANIA
Jazarpen bortitza


Oharkabean, Errumaniako eremuaren %60 haustura hidraulikoaren bideragarritasuna aztertzeko baimenetan zatitua zegoen. 2011ren amaieran entzuten hasi zen fracking hitza, Maria Olteanuk azaldu bezala. Bulgariatik jaso zuten informazio gehiena, herrialde horretan urte bat lehenago sartu baitziren hidrokarburoen multinazionalak. Bulgariak atzera bota zituen ikerketa baimenak, baina Errumaniako Gobernuak aurrera jarraitu zuen, baita fracking-aren kontrako mugimenduen aurka indarkeria baliatuta ere.

Hasierako ekinbideak tokiko agintariek abiarazi zituzten, haustura hidraulikoa debekatzeko araudiak onartuz. Ordea, ibilbide laburra izan zutela azaldu du Olteanuk, gobernuak baliogabetu egin zituelako. 2013. urtearen amaieran, herritarren parte hartze zuzena heldu zen. Chevron enpresa Pungesti udalerrira tresneria eramaten hasi zenean, biztanleek errepidea itxi zuten. «Haur eta edadetuak ere bildu ziren, giro baketsuan; hiru egunen buruan, Poliziak errepidea garbitzeko agindua jaso zuen».

2013ko urriaren 16tik aurrera, Pungesti fracking-aren aurkako mugimenduaren ikono bihurtu zela azaldu du Olteanuk. Polizia errepidea itxi zutenei oldartu zitzaien, baita haur eta edadetuei ere. Hedabideek gertatutakoaren berri eman zuten, eta babes mugimenduak ugaritu egin ziren Errumanian zein nazioartean. Ekintzaileen kanpaldi bat abiarazi zuten, baina jazarpena ez zen desagertu. 2013ko abenduan, armada agertu zen, kanpalekua kentzeko eta Chevron enpresari bidea errazteko. «Udalerriak zituen biztanleak baino militar gehiago zeuden».

Zenbait ikerketaren buruan, Chevronek uko egin zion ustiapen baimenari, ekonomikoki errentagarria ez zelakoan. Dena den, haustura hidraulikoa egiten duten enpresak badaude, oraindik ere. Are gehiago, ikerketen bitartez egiaztatu da fracking-a Chevron heldu baino lehen erabili zutela enpresa batzuek. «2008tik erabili izan dute, baita ur baliabide batzuk kutsatu ere».

ALJERIA
Ekologismoa, lehen aldiz


«Gasaren ustiapenaz bizi den herrialde batez ari garela ulertu behar da», ohartarazi du Djalal Firas Ferhatek, Herritarren Zaintza Ekinbideen Batzordeko kideak. Ordea, azken urteetan gas erreserbak urritu eta barruko kontsumoa handitu dela nabaritu du hango gobernuak: «Hamar urtean, ezin izango die eskari guztiei erantzun». Testuinguru horretan, haustura hidraulikoan jarri zituen begiak.

2013an, Aljeriako Legebiltzarrak fracking-ari bidea eman zion legea onartu zuen. Hilabete gutxian, lehen zundaketa proiektatu zuten In Salahen, hango zenbait pertsonaren kexen artean. Industria ministroak sinesgarritasuna kendu nahi izan zien kexatu zirenei, zundaketaren eremura joan zenean. «Fracking-a pixoihalak egitea bezain arriskutsua zela esan zuen; handik aurrera, aurkako mugimendua Aljeria mailan antolatu genuen».

Eskualdeka antolatutako mugimenduek teknika eteteko eskatu diote gobernuari, baita eztabaida publiko bat ere, alde onak eta txarrak zein diren zehazteko. «Ezohikoa izan da jendearen jarrera: ekologismoarekin lotutako filosofia sustraitzen ari da, eta hori berria da». Hain zuzen ere, Aljerian munduko akuifero handiena dago, Tunisiara eta Libiara arte ere heltzen dena. «Ur erreserba hori kutsatzea heriotza litzateke guretzat».

Aljeriako Gobernuak mota askotako onurak eskaini dizkie In Salaheko agintariei: nekazaritzarako lur eremuak eman dizkie, ospe handiagoko izendapenak... «Herritarrek ezezko borobila eman diote haustura hidraulikoari, ordea».

KURDISTAN
Ura, jomugan


«Haustura hidraulikoaren eztabaida berria da guretzat», azaldu du Ercan Aybogak, Hasankeyf bizirik mantentzeko ekinbideko kideak. Bi urteko historia baino ez du haustura hidraulikoak Ipar Kurdistango hegoaldean. Turkiako Gobernuak gasa erauzteko bi eremu zehaztu zituen orduan: Istanbuldik mendebalderako lurrak eta Kurdistan.

Hasieran, hedabideak baliatu zituen gobernuak «fracking-a ren iraultza» saltzeko, Aybogak azaldutakoaren arabera. Bi urteren buruan, Turkiako mendebaldeko eremuan bertako gasa ustiatzen ari dira jadanik, zenbait protesta izan badira ere. Kurdistanen ez dira gasa saltzen hasi oraindik. Hamar ikerketa zundaketa egin dituzte, eta dagoeneko zenbait arazo sumatu dituzte inguruko biztanleek: uraren kudeaketa, adibidez.

Aybogak oroitarazi du geroz eta ur gutxiago dagoela, duela hogei urtetik hona, eremu horretan. Dena den, fracking teknikak ur asko behar du, eta horrek arazoak sortu ditu: «Kurdistanen lanean ari diren enpresek inguruko putzuetara jo dute zundaketak egiteko, eta, horrenbestez, hango biztanleek beste putzu batzuetara mugitu behar izan dute ur bila». Halaber, haustura hidraulikoa egiteko erabilitako «ur zikinaren» kudeaketa ere arazo bihurtu da; erreka lehortuen erretenetatik isuri dutela esan du Aybogak, eta ingurua kutsatu dutela.

UKRAINA
Jazarpen bortitza


Chevron eta Shell enpresek abiarazi zuten fracking bidez gasa erauzteko lasterketa Ukrainan 2010 eta 2012 artean. Vitalii Motsok, NECU Ukrainako Zentro Ekologikoko kideak, zehaztu du banaketa argia egin zutela hasieratik. Chevronek hartu zituen mendebaldeko ikerketa baimenak, eta Shellek ekialdekoak.

Mendebaldean NECUk lan handia egin zuela azaldu du, baina ekialdean tokian tokiko eragileek antolatu zuten Shelli aurre egiteko lana. Edonola ere, bi enpresek gobernuaren babesa izan zuten hasieratik. «2013an hasitako iraultzaren ostean ere, presidente berriarekin, gobernuak fracking-aren alde egin zuen».

Gobernuaren babesa izanda ere, Shell eta Chevronek Ukraina utzi zuten, han zundatzea errentagarria ez zela argudiatuta.

FRANTZIA
Europako aitzindariak


Frantzia izan da Europako haustura hidraulikoaren borrokan aitzindari. Jean Louis Chopyk, Ardecheko Frapna elkarte ekologistako presidenteak egindako lana xehatu du Frackanpadan. Zenbait lan ildo garrantzitsu nabarmendu ditu, baina, horien artean, informazioa erraztearena nabarmendu du: «Informazioa herritarrei eman behar zaie, baita agintari politikoei ere; diputatu eta ministroei ere helarazi behar zaie, meatze ingeniari asko baitaude aginte eskala guztietan».

Halaber, ekinbideak hastean zehaztu zituzten bi ezaugarri zehaztu ditu Chopyk. Alde batetik, indarkeriarik ez erabiltzea erabaki zuten, ahalik eta jende gehien erakartzeko. Bestetik, lan ildoak bileretan hartzearen alde egin zuten. «Erabakiak hartzeak luze hartzen du, baina gero ideia komuna dugu guztiok».

ESPAINIA
Egunez eguneko lana


Haustura hidraulikoaren mehatxua bereziki indartsua da Burgosko Merindadeetan. BNK enpresak 2016aren hasieran lehen zundaketak egiteko asmoa jakinarazi du; horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresak ere baimen bat du han. Ordea, Rosa Fernandez Alkortak azaldu du zaila dela teknika horren arriskuez ohartaraztea hango biztanleei: «Gehienak edadetuak dira, mobilizatzeko zailak».

Nekazari eta abeltzainei haustura hidraulikoaren berri emateko berebiziko indarra egin du plataformak: «Gaur egun, hiru nekazaritza sindikatuek jarrera argia dute fracking-aren aurka, baina ez da erraza gizabanakoengana heltzea». Historia aurka dutela zehaztu du. Hain zuzen ere, oroitarazi du gas ustiaketa ohikoa izan dela inguru horretan: «Enpresek diru apur bat ematen zieten abeltzainei lurren erabileragatik, eta haiek, behi batzuk erosita, pozik zeuden; egungoa gauza bera izango dela uste dute».

Edonola ere, 2011. urtean lanean hasi zirenetik, asko aurreratu dela nabarmendu du. «4.000 lagun bildu izan ditugu manifestazio batean, eta zundaketei 3.500 zuzenketa aurkeztu dizkiegu».

TXINA
Informazio eskasa


Fracking teknika erabiltzen den lekuetan aurkako erantzuna ohikoa bada ere, ez da beti hala. Samuel Martin-Sosa Ecologistas en Accion taldeko nazioarteko ataleko buruak azaldu du Txinako adibideak aurkitzea ezinezkoa izan zaiola. Txinak gas erreserba «handiak» ditu, eta, gaur egun, hidrokarburo hori saltzen du. Ordea, Martin-Sosak ez du sumatu fracking-ak gizartean «alarma» pizten duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.