Bizilagunekin plataformak urteak daramatza Donostiako «etxe larrialdia» salatzen eta irtenbideak proposatzen. Plataformako kideak dira Elena Ramirez (Bartzelona, 1991) eta Asier Basurto (Donostia, 1985). Esan dute etxeak «azkar-azkar garestitu» direla eta ondorioz milaka donostiarrek ezin dutela hirian gauzatu beren bizi proiektua.
Ipar Euskal Herrian, nabarmentzen ari dira nolako kaltea egiten dioten bigarren etxeek herritarren etxe eskubideari. Donostian nola dago kontua?
ELENA RAMIREZ: Azken urteetako turistifikazio prozesu bortitzaren ondorioz, nabarmen areagotu da hiriko etxebizitzen erakarmena, bai opor leku moduan, bai inbertsio gisa. Gainera, aldatu egin da bigarren etxearen bila etortzen direnen profila: garai batean, gipuzkoarrak, euskal herritarrak edo espainiarrak ziren; orain, donostiarrek baino errenta askoz handiagoko atzerritarrak ugaritu dira.
ASIER BASURTO: Donostiako etxe merkatuan, ez du zereginik bere soldatatik bizi den herritar arrunt batek, ekonomikoki ez baitu aukerarik espekulazioaren negozioan daudenekin eta errenta handiagoko atzerritarrekin lehiatzeko. Donostiarron etxe eskubidea zapaldua dago. Etxebizitzak garestitzearen ondorioz, donostiarrak kanpoan geratzen ari dira, eta aldaketa orokorra gertatzen ari da auzoen izaeran, ekosistema sozioekonomikoan, sare komunitarioetan...
Zenbateraino eragiten die turistifikazioak etxeei?
BASURTO: Sustatutako eredu turistiko horrek etxeen erabilera espekulatiboa areagotu du, eta horrek garestitzea ekarri du. Turistifikazioak hiriaren elitizazioa dakar. Etxe merkatuan duen eraginak bertatik joatera kondenatzen gaitu donostiarrak, ezin baikara hirian bizi.
Donostia tentsio handiko eremua da?
RAMIREZ: Ez dago zalantzarik: Donostian etxe larrialdia dugu. Etxea erosteko prezioak eta alokairuko errentak izugarri handitu dira azken urteetan. Beste euskal hirietakoak baino garestiagoak dira, baina askoz gehiago garestitzen ari dira, gainera. Milaka eta milaka eskatzaile daude babes publikoko aukeren zain, baina eskaintzak ez dio inondik inora erantzuten eskaera horri. Jabetza publikoko etxeen parkea hutsaren hurrengoa da.
BASURTO: Badira urte batzuk funts putreak heldu direla hirira, errentak garestitzera eta donostiarrak etxetik botatzera; Azora eta Blackstone funtsek Ategorrietan, Benta Berrin, Grosen eta Amaran dituzten eraikinetan, esaterako. Etxegabetzeak egiten ari dira berriz. Erakundeen datuekin, frogatutzat eman daiteke horrek guztiak sortu duen kanporatze fenomeno erraldoia.
Zein da irtenbidea, zuen ustez?
RAMIREZ: Lehen pausoa argi dago: etxebizitzaren gaiari logika espekulatiboetatik kanpo heldu behar diote erakunde publikoek. Horrek esan nahi du edozein negozio aukera pribaturen aurretik interes orokorra jarri behar dela.
Bihar: Etxe eskubide subjektiboa.
Elena Ramirez eta Asier Basurto. Bizilagunekin-eko kideak
«Donostiarrak kanporatzen ari da etxeen prezio garestia»
Donostian «etxe larrialdi bat» dagoela nabarmendu dute Bizilagunekin plataformako Elena Ramirezek eta Asier Basurtok. Gaitzetsi egin dute hiriko turismo ereduak bultzatu duen espekulazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu