ETXEGABETZEAK

Donostian zortzi familia kaleratuko dituztela salatu dute

Azora putre funtsak bizilagunei fax bidez adierazi die azaroaren 30etik abenduaren 31ra bitartean utzi beharko dutela etxea. Stop Kaleratzeak plataformak salatu du beste hamabost maizter «mehatxupean» daudela.

Donostiako Gros auzoan martxoan izandako beste kaleratze bat. ANDONI CANELLADA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko azaroaren 3a
15:56
Entzun

Donostiako Kaleratzeak Stop plataformak eta Azorako maizterrek salatu dute Azora putre funtsak zortzi etxebizitza hustu nahi dituela Donostiako Gros auzoan, azaroaren 30etik aurrera eta abenduaren 31 baino lehen. Azaldu dutenez, Azorak etxe horietan alokairuan dauden bizilagunei fax bidez adierazi die urte amaieran bukatuko zaiela kontratua, eta ez die berrizteko aukerarik eman. «Etxe horiek hustu nahi dituzte, gero horiekin espekulatzeko», salatu du plataformak.

Batzuei azaroaren amaieran jarri diete epea, eta beste batzuek urtea amaitzerako utzi beharko dute etxea, baina salatu dute litekeena dela kasu gehiago izatea. Gainera, gehitu dute beste hogei familia «mehatxupean» daudela. Gainera, gogorarazi dute egoera horrek 75 etxebizitzari eragiten diela, eta Azorak jada horietatik hogei baino gehiago hustea lortu duela, «turismorako erabiltzen dituen sei etxeez gain».

Udalaren bitartekaritza

Faxak jaso zituztenean, maizterrek «presazko bilera bat» izan zuten alkatetzarekin, eta eskatu zioten «kontratuak zazpi urtez eta arrazoizko prezioan berritzeko eskaera» helarazteko Azorari. Izan ere, 2021eko irailean osoko bilkuran onartutako ebazpen baten ondorioz, udala behartuta dago bitartekaritza lanak egitera, bizilagunek hala eskatuz gero.

Azorak, ordea, udalari berretsi dio eraikinak husteko asmoa duela, Kaleratzeak Stop plataformak azaldu duenez: «Bizilagunak etxetik irtenaraziko dituztela esan du, etxebizitzak eraberritzeko. Horrek urratu egiten du inbertsio funtsak alkateari 2020ko urtarrilean emandako hitza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.