Euskalduna, gaztea eta ikertzailea. Ez da erraza hiru ezaugarri horiek beteta ibilbide akademikoan aurrera egitea. Horregatik, ikertzaile horien arteko komunitatea trinkotzea izan da Ikergazte kongresuaren helburua, 2015. urtean lehen edizioa antolatu zutenetik. Bosgarrena aurkeztu zuten atzo; Donostian izango da oraingoan, maiatzaren 17an, 18an eta 19an. Aurtengo berrikuntza nagusia izango da BadaLabekin elkarlanean martxan jarri duten proiektuen deialdia.
Azken nobedade horrekin, antolatzaileek nahi dute «topagune zena elkarlanerako esparru» bihurtzea. Zehaztu dute ikerketa proiektu horiek aurkezteko epea irailera arte zabalik egongo dela, eta diziplina arteko egitasmoak izan beharko direla. Egongortutako ikertzaile talde batek egingo du proiektuen ebaluazioa, eta irabazleek hamazortzi hilabeteko epea izango dute proiektu hori aurrera eramateko, BadaLabek finantzatuta.
Bi urterik behin egiten dute Ikergazte kongresua, eta aurtengoan 200 ikertzailek parte hartuko dute, atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean antolatu zuten aurkezpenean zehaztu zutenez. Ikertzaileek aurkeztu dituzten 170 lanetatik, epaimahai batek aukeratutako 155 artikulu zientifiko ere aurkeztuko dira ekitaldian, euskal ikertzaile gazteek egindakoak: 52 ahozko aurkezpen, 72 «mikroaurkezpen» eta 31 poster.
Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak aurkezpenean nabarmendu zuen gaur egun ikertzaile euskaldunak «inoiz baino gehiago» direla: «Antolatutako edizio guztien ondoren, argi geratu da ikertzaileentzat horrelako foro bat beharrezkoa dela. Ikertzaile gazteei erakusleiho bat ematea, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea dira Ikergazteren helburuak». Azaldu zuen dagoeneko «gune erreferentziazkoa» bilakatu dela euskal akademikoentzat. Horregatik, aurten Euskal Herriko unibertsitate pribatu zein publiko guztien babesa izango du kongresuak, lehen aldiz. «Ikergazte unibertsitateen topagunea ere bada, eta horientzako akuilua ikerketa euskaraz ere bultzatzen jarrai dezaten. Euskararen normalizazioaren aldeko apustuan unibertsitateok ezin gara kanpoan geratu», adierazi du Deustuko Unibertsitateko ordezkari Elixabete Perez Gazteluk. Unibertsitate hori izango da aurtengo edizioko unibertsitate koordinatzailea.
Bide hori nabarmendu zuen Itziar Irigoien EHUko Gipuzkoako campuseko ikerketa arduradunak ere: «Gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa behar ditu, eta, batez ere, euskaraz lanean ibiliko diren ikertzaileak».
Donostian izango da aurtengo Ikergazte kongresua, maiatzean
Topagune izateari utzi, eta «elkargunerako esparru» bihurtuko da aurtengo Ikergazte, proiektuen deialdi baten bidez. Euskarazko 155 artikulu zientifiko aurkeztuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu