Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, euskararen normalizazioaren aurka justiziak abian duen «oldarraldiaren» barruan ebatzitako «enegarren» ebazpena da asteon plazaratu dena: izan ere, Donostiako Udalak jarritako helegite bati erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostian lanpostuak egonkortzeko deialdi batean udaltzain jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizuna, B2 maila. Epai «euskarafoboa» dela esan du Kontseiluak, arbuiatu beharrekoa, eta kalera irteteko deia egin du. Protesta bat egingo dute bihar, 19:00etan.
Propio protokolo bat badu abian Kontseiluak halakoetan erantzuna emateko, eta martxan jarri du orain berriro elkarretaratze honetarako deia egiteko. Tokiko erakundeekin egiten ditu halako deialdiak, eta Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartearekin batera egin du oraingo hau. Alderdi Ederren izango da protesta, Donostiako udaletxearen aurrean.
Asteon plazaratu den ebazpen honekin berriro ere euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu direla gogoratu nahi izan du Kontseiluak. «Euskara ezagutzen ez duten udaltzainek ezingo dituzte euskaldunen eskubideak bermatu», azaldu du.
Epaiaren arabera, udaltzain izateko hizkuntza eskakizun bat ezartzeak oinarrizko eskubide bat urratzea dakar; hain justu ere, ezin da bermatu «funtzio eta kargu publikoetara baldintza berdinetan sartzeko eskubidea». Oraingoz, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia ez da behin betikoa; aukera dago Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko.
Sententziaren harira «desadostasun irmoa» besterik ezin dela erakutsi uste du Kontseiluak, eta horregatik egin du kalera irteteko deia. Jakinarazi du elkarretaratzean euskalgintzako ordezkariekin batera izango direla Donostiako Udaleko EAJko eta EH Bilduko ordezkariak eta ELA eta LAB sindikatuetakoak.