Iñigo Imaz

«Donostian, etxeetan ura egotea turismoari oso lotuta egon da»

Mende erdi pasatxo du Añarbeko Urak mankomunitateak, baina Imaz historialariak esan du Donostiako agintariek aurrez ere oso presente zutela uraren inguruko kezka. Iñaki Etxanizekin batera, ‘Urak elkartuta’ idatzi du.

jarraia230684.jpg
Miren Garate.
2023ko uztailaren 14a
11:10
Entzun

1968an sortu zuten Añarbeko Urak mankomunitatea. Haren sorrera ekarri zuen testuingurutik hasi, eta gaur egunera arte egin duen bidea kontatzen du Urak elkartuta liburuak. Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteko kide Iñaki Etxaniz eta Iñigo Imaz (Errenteria, 1976) historialariek egin dute. Artxiboko lana egiteaz gain, mankomunitatearekin zerikusia izan duten hainbat pertsonarekin ere bildu dira. Imazen esanetan, hori izan da interesgarriena: “Azken batean, Añarberen historia historia soziala ere bada”.

Urak elkartuta liburuaren lehen zatian, ur horniduraren aurrekari historikoetan sakondu duzue. Zer nabarmenduko zenuke?

XIX. mendean, estatu liberalarekin batera, besteak beste, uraren jabaria definitzeko legeak onartzen hasi ziren, lurren esplotazio kapitalista bermatzeko. Kontuan izan behar da industriak ere ura zegoen tokietan jartzen zirela. Ordura arte urak ez zeukan izaera definitu bat: iturri batzuk komunitarioak ziren, beste batzuk aristokratenak edo Elizarenak… Testuinguru horretan, legedi bat garatu zuten, eta interes publikoa jabego pribatuaren gainetik jarri zuten. Eboluzio hori kontatu dugu, jendeak argi izateko uraren izaera eta erabilera publikoa nahiko gauza berria dela.

Egoera hori azaldu ostean, Donostiako eta Donostia-Beterriko ur zerbitzuak eta premia hidrikoak jorratu dituzue. Zer berezitasun ditu eskualdeak?

Donostian, etxeetan ura egotea turismoari oso lotuta egon izan da beti. 1860ko hamarkadan, Isabel II.a erregina udako egonaldiak Donostian egiten hasi zen, hiria modan jarri zen, eta Madrilgo burgesia ere etortzen zen. Horrela, ura etxeetara eramatea planifikatzen hasi ziren, baina ez etxe guztietara, burgesiaren etxeetara baizik.

Etxean ura egotea noiztik dago orokortuta Donostian eta inguruko herrietan?

1900. urtea baino pixka bat lehenagotik; argindarra etxeetara iritsi zenetik, gutxi gorabehera.

1968an sortu zuten Añarbeko Urak mankomunitatea, eta 1969an hasi ziren eraikitzen Añarbeko presa. Zer premiari erantzun nahi zieten?

Donostiako agintariek beti izan dute uraren inguruko kezka: 1920an Artikutza erosi zuten, 1953an Enobietako presa jarri zuten martxan… Añarbeko urtegiaren proiektua ez zen erraza izan. Frankismo garaia zen, ez zegoen dirurik, eta, Espainian turismoa garatzen hasita zegoenez, toki guztietan behar zen ura. Era berean, industriak ere behar zuen ura. Zaila zen Donostiak bere proiektua aurrera ateratzea, eta oso baliagarriak izan ziren harreman pertsonalak.

Adibidez, zein?

Jose Eizmendik bultzatu zuen urtegiaren eraikuntza. Donostiako zinegotzi bat zen, eta gudari bat. Santoñan [Kantabria, Espainia] errenditu zirenean, langile bataloietara zigortu zuten, eta, lanean ari zela, bere errepresorea ezagutu zuen, falangista bat. Harreman ona egin zuten. Gidabaimena zuen Eizmendik, eta garraiolari aritu zen. Liberatu zutenean, harremana galdu egin zuten. Iturgin aritzen zen Eizmendi, eta Donostian Koipe enpresaren iturgintza lanak egin zituen. Obrak finantzatu zituen bankuko zuzendaria zen aipatutako bere errepresorea. Hala, enpresaren inaugurazioan topo egin zuten. Harreman horri esker, Eizmendi Donostiako zinegotzi atera zenean, Madrilgo ateak irekitzea lortu zuen, eta Federico Silva Muñoz Herri Lanetako ministroarekin harremanetan jarri zen.

Espainiako ministro horrek baldintza bat jarri omen zuen Añarbeko urtegia egiteko: presa eskualde osorako izatea, eta ez Donostiarako bakarrik. Nolakoak izan dira mankomunitateko herrien arteko harremanak?

Esango nuke mankomunitatearen historian ez dela egon gatazka handirik. 1987an, Astigarragan, Petritegiko araztegiarekin izan zen tirabira bat, baina ez oso handia. Garai hartan independizatu zen Astigarraga Donostiatik, eta Petritegiko gunean Donostiako zabortegi bat zegoen. Zabortegia ixteko borroka egin zuen Astigarragak, eta, ondoren, araztegia han jartzea proposatu zutenean, liskar pixka bat egon zen. Zaborraren gaiarekin eta beste gai batzuekin izan den polemikarik ez da izan urarekin. Kontuan hartu behar da diktadura garaia zela Añarbeko presa egin zutenean. Gainera, garai hartako gizarteak argi zuen ura beharrezkoa zela.

Urtegia egitearekin, ordea, ez ziren konpondu arazo guztiak, ezta?

Aurrena urtegia egin zuten, baina, gero, ura banatu egin behar zen mankomunitateko herrien artean. 1987tik 1991ra Xabier Albistur zen Donostiako alkatea eta mankomunitateko presidentea, Uraren kalitatearekin arazo handi bat zegoen, nahiz eta laborategietan emaitza onak ematen zituen. Jendea gaixotu egiten zen, eta usain eta kolore kaskarrak zituen urak. Petritegiko araztegia eginda konpondu zuten arazoa. Gero, berriz, Odon Elorza alkate izan zen urteetan, ur zikinekin zer egin izan zen arazoa. Agintari guztiek izan dute konpondu beharreko zerbait. Gaur egun, aginte politikoaz gain, enpresa publiko bat dago kudeaketarako: Agasa.

Añarbeko urtegiarentzat garrantzitsuak izan diren pertsonen artean Jose Eizmendi aipatu duzu. Besteren bat nabarmenduko zenuke?

Jose Zuazola ere oso garrantzitsua izan zen. 1946an, ingeniari lanpostua lortu zuen Donostiako Udalean, eta Donostiak izango zituen ur beharrak konpontzeko neurriak proposatu zituen. AEBetan egondakoa zen, eta asko zekien gaiaz. Donostia urez hornitzeko proiektua idatzi zuen, eta urtegi baten beharra aipatu zuen. Enobietakoa egiten 1953an hasi ziren, eta 1960an amaitu zuten, ez zegoelako dirurik. Amaitu zutenerako txiki geratuta zegoen. Memoriaren aldetik, Francisca Fernandez ere oso garrantzitsua izan da. Añarben hartu zuten lehen langilea izan zen, eta orain dela gutxi hartu du erretiroa.

Lana osatzeko, mankomunitatearekin zerikusia izan duten hainbat kiderekin bildu zarete.

Aktek-eta informazio ugari ematen dute obrei, erositako lurrei, zuhaitzen mozketei eta abarri buruz. Azken batean, Añarberen historia historia soziala ere bada, eta horren atzean dagoen guztia jakiteko elkarrizketak egin ditugu. Niretzat hori izan da interesgarriena: zer bilera izan ziren, zer harreman sortu ziren urtegia aurrera eramateko…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.