Donostian epaitutako 25etatik 21en kontrako akusazioa kendu dute

D3Mren kanpaina egin eta hauteskunde delitua egozten zieten; lau laguni desobedientzia leporatzen diete orain

Erredakzioa
Donostia
2013ko urriaren 17a
00:00
Entzun
2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan D3M hautagaitzaren aldeko propaganda egiteagatik «hauteskunde delitua» egitea egotzita Donostian epaitu dituzten 25 lagunetatik 21en kontrako zigor eskaerak erretiratu egin ditu fiskalak, eta gainerako laurentzat ere hauteskunde delituaren akusazioa erretiratu egin du,baina desobedientziarena mantendu. Bi eta hiru urteko zigorrei aurre egin behar zieten 21 lagun libre dira, beraz, eta gainerako laurentzat «diru kopuru txikiko multak» eskatu ditu, auzipetuek beraiek jakinarazi dutenez.

Atzo amaitu zen joan zen ostiralean hasitako epaiketa, eta aste batzuk barru espero da epaia. Auzipetuek gogora ekarri dute fiskaltza bi kasutan saiatu zela auzi hori Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaltzen, baina auzitegi horrek ez zuela onartu bi kasuetan. «Azkenean, oinarri nahikorik gabe ere, epaiketa bururaino eraman da, neurrigabeko zigor eskaerekin», salatu dute. Izan ere, auzipetuen ustez, argi gelditu da «auzia sustengatzeko modurik» ez zegoela.

«Epaiketa politikoa» dela salatu zuten hasieran bertan, auzitegian, eta horregatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean aste honetan gazte mugimenduaren kontra eta Batasuna, EH eta HBren aurka hasitako epaiketen testuinguruan kokatu dute. Hala, astebururako mobilizazio deialdiak daudela gogora ekarri, eta haietara joateko deia egin dute. Larunbatean, 12:00etan, «auzipetuak babesteko herri harresiak» abiatuko dira Donostiako auzoetatik Groseko Katalunia plazaraino. Han ekitaldi bat egingo dute, eta jakinarazi dute mobilizazio gehiago iragarriko dituztela.

Epaiketaren hasieran auzipetuek salatu zuten «eskubideak aldarrikatzeagatik» eraman zituztela auzitara. Izan ere, 2009ko martxoaren 1ean —hauteskunde eguna zen— identifikatu egin zituen Ertzaintzak, eta haietako bi atxilotu. D3Mren hautagaitzak legez kanpo utzi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, Nerea Rekondo auzipetuak gogora ekarri zuenez, «aldarrikapen eta elkartasun egun gisa» hartu zuten egun hura askok. Ertzaintzak egun hartan izandako jarrera salatu zuen, eta bozetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu baino ez zutela egin adierazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.