Donostian bihar bozkatzeko eskatu dute EAJk eta EH Bilduk

Herri galdeketaren alde azaldu dira; Irunen, Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan ere izango dira kontsultak

Donostiako EAJ eta EH Bilduko kideak, atzo, galdeketa babesten. BERRIA.
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Donostiako EAJ eta EH Bildu indar politikoetako ia 40 lagunek hiriburuko biharko galdeketan parte hartzeko dei egin dute, agerraldi batean. Bertan izan dira, besteak beste, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Reyes KarrereEH Bilduko alkategaia, eta Andoni Etxebeste eta Idoia Elorza EAJren GBBko kideak. Esan dute «erabakitzeko eskubidea defendatu eta gauzatzeko ariketa demokratikoa» izango dela biharkoa. «Uste dugu galdeketaren prozesuak bizikidetzan sakontzea ahalbidetzen duela eta donostiarren arteko topagune bilakatu dela. Gizarte kohesiorako tresna hau begi onez ikusten dugu. Europan martxan dabilen trena Euskal Herriko geltokira iritsi da, baita Donostiara ere, lehen hiriburura. Bertara igotzeko gonbita egin nahi diegu herritar denei».

«Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa gure kabuz eta aske erabakitzea?», hori izango da Donostiako biharko galdera, eta 160.000 lagun pasatxok edukiko dute botoa emateko eskubidea. Hiriko Gure Esku Dago-k sustatu du.

Bihar, Gipuzkoan Irunen, eta Bizkaian Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan ere egingo dituzte kontsultak. Bost ariketetan, 230.000 herritarreko errolda izango da, eta bi mila lagun inguru ibiliko dira lanean.

2014tik orain arte, euskal estatus politikoari buruzko 204 herri galdeketa egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.