Udalen eskumen nagusietako bat udalerrietako mugikortasuna arautu eta antolatzea da. Herritarren egunerokoan alor horrek duen eraginaz jakitun daude alderdiak, eta udal hauteskundeetako programetan proposamen zehatzak txertatu dituzte. Elkarrekin Podemos-IUko Donostiako Udalerako zerrendaburuak, Victor Lasak, Gipuzkoako hiribururako mugikortasun plan bat proposatu zuen atzo, Donostiako Herrera auzoan. Lasak nabarmendu zuen «aldaketa kultural bat» behar duela Donostiak mugikortasuna arautzerako orduan, eta, esaterako, autorik gabeko igandeak proposatu zituen.
Mugikortasun jasangarriaren paradigma aldaketa baten beharra dagoela argudiatuta, zenbait igandetan autoen garraioa etetea proposatu zuen Lasak. Azaldu zuen egitasmo hori «pixkanaka» jarriko luketela martxan. Hilabete bakoitzeko lehen igandean egingo luketela esan zuen, eta «txandaka» ezarriko litzatekeela Donostiako auzo bakoitzean.
Egitasmo horren helburua da hiria oinezkoentzat «askoz atseginagoa» izatea, Lasak adierazi zuenez. Gaineratu zuen proiektu hori «gardentasunez, enpatiaz eta parte hartze demokratikoz» egin behar dela.
Garraio publikoaren, bizikleten eta oinezkoen aldeko apustua egingo duela azaldu zuen Elkarrekin Podemos-IUko alkategaiak: «Pizgarrien eta murrizketen eredu bateratu bat aplikatu nahi da».
Doakotasuna ortzi mugan
Herrerako Euskotrenen geltokiaren aurrean egindako agerraldian, Lasak esan zuen garraio publikoen maiztasunak handituko dituela alkate bihurtzen bada. Are, «doakotasuneranzko bilakaera mailakatua» bultzatuko duela ere azaldu zuen. Bilbo eta Gasteiz eredu hartuta, Donostian ere tranbia ezartzeko aukera «aztertuko» duela azaldu zuen.
Bizikletei dagokienez, bidegorri seguruen sarea zabaltzearen eta bizikletentzako aparkaleku gehiago eraikitzearen alde egin zuen Lasak.
Miren Etxebestek ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Elkarrekin Podemos-IUren zerrendaburuak, mugikortasuna izan zuen hizpide atzo, Elgoibarren (Gipuzkoa) egindako ekitaldi politiko batean. Nabarmendu zuen «zerbitzu gehiago eta hobeak» dituen garraio publiko bat bultzatuko duela ahaldun nagusi bihurtzen bada, «ibilgailu pribatuaren alternatiba erreal bihur dadin». Herrien arteko «mugikortasun jasangarriaren» alde egingo duela esan zuen.
Gaineratu zuen Elgoibartik Debarainoko (Gipuzkoa) bidegorri bat egiteko «konpromisoa» hartuko duela.
Donostian autorik gabeko igandeak proposatu ditu Elkarrekin Podemos-IUk
Donostiarako mugikortasun plan bat ondu du EP-IUren alkategai Victor Lasak. Elgoibartik Debarainoko bidegorri baten alde dago Etxebeste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu