Udal eta foru hauteskundeak

Donostian autorik gabeko igandeak izatea proposatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Victor Lasak Donostiarako mugikortasun plan bat ondu du. «Pizgarrien eta murrizketen eredu bateratu bat» proposatu du EP-IUren alkategaiak.

Victor Lasa, EP-IUren Donostiako Udalerako hautagaia (eskuinean), gaur, Herreran. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 13a
17:31
Entzun

Udalen eskumen nagusietako bat udalerrietako mugikortasuna arautu eta antolatzea da. Herritarren egunerokoan alor horrek duen eraginaz jakitun dira alderdiak, eta udal hauteskundeetako programetan proposamen zehatzak txertatu dituzte. Elkarrekin Podemos-IUko Donostiako Udalerako zerrendaburuak, Victor Lasak, Gipuzkoako hiribururako mugikortasun plan bat proposatu du, gaur, Donostiako Herrera auzoan. Lasak nabarmendu du «aldaketa kultural bat» behar duela Donostiak mugikortasuna arautzerako orduan, eta, esaterako, autorik gabeko igandeak proposatu ditu.

Mugikortasun jasangarriaren paradigma aldaketa baten beharra dagoela argudiatuta, zenbait igandetan autoen garraioa etetea proposatu du Lasak. Azaldu du egitasmo hori «pixkanaka» jarriko luketela martxan. Hilabete bakoitzeko lehen igandean egingo luketela esan du, eta «txandaka» ezarriko litzatekeela Donostiako auzo bakoitzean.

Egitasmo horren helburua hiria oinezkoentzat «askoz atseginagoa» izatea da, Lasak adierazi duenez. Gaineratu du proiektu hori «gardentasunez, enpatiaz eta parte hartze demokratikoz» egin behar dela.

Garraio publikoaren, bizikleten eta oinezkoen aldeko apustua egingo duela azaldu du Elkarrekin Podemos-IUko alkategaiak: «Pizgarrien eta murrizketen eredu bateratu bat aplikatu nahi da, bizilagunekin adostuta».

Doakotasuna ortzimugan

Herrerako Euskotrenen geltokiaren aurrean egindako agerraldian, Lasak esan du garraio publikoen maiztasunak handituko dituela alkate bihurtzen bada. Are, «egoiliarrentzako doakotasuneranzko bilakaera mailakatua» bultzatuko duela ere aipatu du. Bilbo eta Gasteiz eredu hartuta, Donostian ere tranbia ezartzeko aukera «aztertuko» duela azaldu du.

Bizikletei dagokienez, bidegorri seguruen sarea zabaltzearen eta bizikletentzako aparkaleku gehiago eraikitzearen alde egin du Lasak. Erantsi du «plan estrategiko bat» egingo duela, auzo bakoitzean «funtsezkoak» diren kaleak peatonalizatzeko.

Isurketak murrizte aldera, autoen aparkalekuei ere erreparatu die Lasak. Gaur azaldu du txandakako aparkalekuek —hiriaren erdiguneko auzoetan daude— bizilaguntzentzat izan behar luketela, eta aldizkakoak Illunben, Miramonen eta Ibaetan kokatu beharko liratekeela. Ordezkapen hori ere «mailakatuta» egingo luketela esan du.

Lasaren ustez, mugikortasun eredua aldatzea «beharrezkoa» da, eta «donostiar guztiek» hartu behar dute parte aldaketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.