Osasuna

Donostialdeko ESIko langileek bost eskakizun «zehatz» egin dituzte

Erietxea «ezagutzen» duen zuzendaritza mediko bat ezinbestekoa dela adierazi dute. «Gardentasuna» nahi dute giza baliabideetan. Negoziazioetan «jarrera ona» ikusi dute; «ekintzak» nahi dituzte

Cristina Calvo, Felix Zubia eta Manuela Perez medikuak, atzo. ANDONI CANELLADA.
arantxa iraola
Donostia
2022ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hiru medikuk hartu zuten atzohitza, azaltzeko zertan den hilaren hasieran Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan Osakidetzarekin dituzten desadostasunak tarteko sortu zen krisia. Felix Zubia, Manuela Perez eta Cristina Calvo izan ziren, baina argi nabarmendu zuten «langileen batzar» baten izenean ari zirela. Batzar horretan, gehienak medikuak dira, baina beste langile taldeetako ordezkariak ere badira, azaldu zutenez. Onartu zuten aparteko oihartzuna hartu dutela Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina «batzarra» zabalagoa dela esan zuten, eta «irekia». Osakidetzari bost «eske zehatz» egin zizkioten.

Hedabideetan ozen zabaldu dira Osakidetzak ESIan jarri dituen arduradun berriekin dituzten «interlokuzio» arazoak; «tirabirak» izan direla aitortu zuten, baina, ororen gainetik, «ESI hobe bat» ekarriko duten eskeen inguruan jardun nahi dute. Ustez Donostialdeko ESIaren eta Gurutzetakoaren (Barakaldo, Bizkaia) arteko dema baten gisara ere aurkeztu da hainbatetan krisia, eta horri ere uko egin zioten. «Ez daukagu arazorik Gurutzetako gure kideekin». Krisia bideratzeko elkarrizketak hasiak direla esan zuten, «jarrera ona» dela, baina «ekintza konkretuak» falta direla. Urtarrilaren 18an dute hurrengo bilera. Bitartean, Donostia ospitaleko atarian elkarretaratzeak egiten jarraituko dute astelehenero. Horra bost eskariak:

ZUZENDARITZA, BARRUTIK

«Ospitaletik datorren zuzendaritza mediko bat»: hortxe lehen eskea. «Eta hor ez dugu aurrerapausorik izan», zehaztu zuen Perezek. «Baina esan eta esan ari gara: garrantzitsua da zuzendaritza medikoak gure ESIa ezagutzea eta ematen den artaren jarraitutasuna bermatzea». Krisia piztu zuten motiboetako bat izan zen Osakidetzak kargugabetu egin zuela Donostia ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga. «Jarduneko» zuzendaritza bat dago orain, eta Zubiak esan zuen ez direla «pertsonalismoetan»galduko behin betiko tokia beteko duenaren bila, baina erietxea ondo «ezagutzea» ezinbesteko ezaugarria dela. Eskatu dute, halaber, integraziorako zuzendaritza ESIaren lehen arretatik izendatzeko.

MAHAI TEKNIKO BAT

Donostialdeko ESIaren geroko estrategia «erabakitzeko» gaitasuna izango duen «mahai tekniko bat» ere eskatu dute. Dekretuz, orain «kontseilu kliniko asistentzialak» martxan direla esan zuen Zubiak, baina «bakanak» izan direla orain arte egin dituzten bilerak, eta beti «informatzeko» helburua izan dutela. Harago egingo duen organo bat nahi dute. «Langile guztiek» ordezkaritza izatea proposatu dute: langileek beraiek hautatutako ordezkaritza bat izatea. Era berean, «puntu jakin batzuk» aztertzen direnean organo horretan «arazoan tarteko diren pertsonak» ere egotea eskatu dute. «ESIaren geroko estrategia ontzea nahi dugu guk ere parte hartuta».

EBALUAZIO ZORROTZAGOA

Zerbitzuetan egiten den lana maiztasun jakin batekin «ebaluatzea» da hirugarren eskea. Perezek azaldu zuenez, Osakidetzak jakinarazi die Osakidetzako zerbitzuburuen ebaluaziorako modelo bat garatzen ari direla. «Gure proposamena da, ordea, ebaluazioa norabide bikoa izatea; profesionaletatik zerbitzuburuetara, eta estamentu guztietako erdi karguak eta zuzendaritza ere sar daitezen bertan».

«EGONKORTASUNA» XEDE

Hainbat eske sartu dituzte eskari horren barruan. Batetik, ESI bakoitzeko osasun arloko giza baliabideen zerrendak argitaratzea nahi dute, informazioa «gardena» izateko. «Osakidetzak erantzun digu lanpostu finkoen zerrenda publikoa dela. Baina bertako argazkia ez da erreala», adierazi zuen Calvok: «Lanpostu finkoak bakarrik biltzen baitira, eta behin-behinekotasuna oso handia baita». Horri lotuta, langileak «egonkortzeko» neurriak ere eskatu dituzte, %30-40ko behin-behinekotasunak arazo handiak baitakartza. Bestetik, «ESI bakoitzaren giza baliabideen analisia» nahi dute, «bere zerbitzu kartera kontuan hartuta». Bide horretan, «erreferentzia unitateak» non jarri behar direnerabakitzeko «txosten tekniko independenteak» eskatu dituzte. Hirugarrenik, atal hau biribiltzeko, «gaitasun berezia eskatzen duten lanpostuen profila» ezartzeko eskatu dute. «Ez dugu hautatzen diren pertsonengan eraginik izan nahi, baina bai haien gaitasunean», zehaztu zuen Calvok. Martxan du hurrengo lan eskaintza publikoa Osakidetzak; hor gabeziak ikusi dituzte, eta konpontzeko eskatu dute.

AZALPENAK ONKOLOGIKOAZ

Krisia piztu zenetik usu aipatu dituzte ESIko profesionalek Onkologikoari buruzko eskeak. Zentro hori erakundean guztiz txertatzea nahi dute. Justu Osakidetzak findu berria du harekiko «binkulazio hitzarmen berria», eta iruditzen zaie «antolakuntzaren alderdia» ez dela batere argia. Azalpenak nahi dituzte horregatik: «Izan ere, eragina izan dezake pazienteen zirkuituetan eta asistentziaren kalitatean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.