Aztertu aurretik ere, ezetz. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du tramiterako onartu Donostiako Udalak aurkeztutako errekurtsoa, Udaltzaingoko bi lanposturen euskara eskakizunen auzian. Urtebete luze egin du auziak epaitegietan: iazko urtarrilean, Udaltzaingoko bi lanpostu baliogabetu zituen Donostiako epaitegi batek, iritzita «diskriminatzailea» izan zitekeela hautagaiei euskarazko B2 maila eskatzea. Are: sententzia hartan, epaileek adierazi zuten euskaraz jakitea ezin zela baldintza izan udaltzain guztientzat. Irailean, Eneko Goia alkateak iragarri zuen helegitea aurkeztuko zuela, sententzia hura «euskararen ofizialtasunaren aurkako eraso zuzena» zelakoan. Orain, baina, errekurtso horren bide judiziala bukatutzat jo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, tramitatzeko aukera ere baztertuta.
Hortaz, epaileek ez dute aztertu kasazio helegitearen mamia, eta errekurtsoa jartzeko motibazioa bera da ukatu dutena: EFE berri agentziak aurreratu duenez, auzitegiak ez du uste «kasaziorako interes objektiborik» dagoenik eta atzera bota du auzia, aztertu aurretik ere.
Elebakarren eskubideak, «urratuta»
Duela urtebete baino gehiago hasi zen Donostiako udaltzainen euskara eskakizunen auzia: lan deialdi publiko hartan lanpostua eskuratu ez zutenetako batek errekurritu egin zuen oposizioen emaitza, eta Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak arrazoia eman zion.
Udalak atzera bota zuen hautagai haren eskea, lan deialdian ezarritako irizpideak legezkoak zirela iritzita, baina, sententziaren arabera, ez zuen ondo jokatu. Zehazki deialdia bi udaltzain lanpostu egonkortzeko zen, eta bientzat ezarri zuten bigarren hizkuntza eskakizuna: B2 maila. Helegitea abiatu zuen izangaiaren arabera, funtzio publikoko lanpostuetara heltzeko duen oinarrizko eskubidea «urratu» zuten eskakizun horrekin.
Epaiaren arabera, Donostiako Udalak ez zuen aski argudio sendorik erabili lan deialdi horretan euskara eskatzea derrigorra zergatik den azaltzeko. «Ez da ezinbestekoa denek euskaraz jakitea herritarrei hizkuntza koofizialean zerbitzua emateko», ondorioztatu zuen. Horiek horrela, eskari hori ezinbesteko gisara ezartzea herritarren zati handi batentzat «diskriminatzailea» da, sententziaren arabera.
Epaian propio aipatzen zen aurrez udaltzain postuetan euskara behar ez zela argudiatuz eman zen beste ebazpen bat. Hain justu ere, 2021eko maiatzean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen «diskriminatzailea» zela Irungo udaltzain lanpostuetarako deialdietan euskaraz jakitea eskatzea. Epaiak haserrea piztu zuen, eta udalak berak kasazio helegitea aurkeztu zuen, baina Auzitegi Gorenak ez zuen gero hura onetsi. EAEko Auzitegi Nagusiaren erabaki hura irmo deitoratu zuten Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, hain zuzen ere, euskaldunek administrazioan euskaraz arreta jasotzeko eskubidea urratu zela iritzita eta epai «politikoa» zela argudiatuta.
Epai hartan argudiatu zen administrazioak «bideak» bilatu behar dituela herritarrei euskaraz arta emateko inor «diskriminatu» gabe lanpostu publiko bat eskuratzeko izan dezakeen asmoan. Bide horretan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak ere adierazi zuen bikoteka egiten dutela normalean lan udaltzainek, eta, horiek horrela, aski dela bikote bakoitzean euskaraz dakien polizia bat egotea.