Donostiako Udalak helegitea jarriko dio Xabi Alonsoren txaletaren aurkako ebazpenari

Eneko Goiaren arabera, txaleta legez kanpo eraiki zutela dioen ebazpenak ez du manatzen eraikina eraistea.

(ID_17062917382845) Xabi Alonsoren txaleta
Xabi Alonsoren txaleta.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2024ko urtarrilaren 30a
17:52
Entzun

Donostiako Udalak helegitea jarriko dio Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak Xabi Alonso futbol jokalari ohi eta entrenatzailearen jabetzako txalet baten lizentziaren aurka emandako ebazpenari. Hala adierazi du Eneko Goia alkateak prentsa agerraldi batean. Epaian, epaitegiak bertan behera utzi zuen Alonsoren jabetzakoak diren Igeldoko lur batzuetan eraikitako luxuzko txaletari udalak emana zion lizentzia. Martutene auzoan dago, eta abiadura handiko trenaren lanengatik eraitsi zuten baserri bat berreraiki behar zuten Alonsoren lurretan, baina epaiak dio eraikitakoak ez duela zerikusirik lehengo baserriarekin eta eraikinean ez dela bete landa tipologia errespetatzeko obligazioa. Horrez gain, estalki laua eraiki izana ere ilegaltzat jo dute epaian. Goiaren ustez, ordea, hori erabakitzeari bide eman dion espedienteak ez du manatzen eraistea.

Donostiako alkateak nabarmendu duenez, espediente hori 2006koa da; Martuteneko baserri bat desjabetu zen, abiadura handiko trenaren obrak zirela eta, eta horrek eskubidea eman zion jabeari bere etxebizitza berreraikitzeko, landa eremuko beste lursail batean. «Epaiak ez du zalantzan jartzen orain Igeldon eraikitako etxebizitzaren eraikigarritasuna, eta ez du eraistea agintzen», zehaztu du Goiak.

Udal arkitektoak txaleta eraikitzeko baimena eman zuen 2018an, eta txosten horrek etxe berriaren diseinua onartzen du, «ingurunearekiko errespetu handiagoa duelako eta paisaiarekin mimetizatzen delako, eta, beraz, haren presentzia aurreko proposamenarena baino oharkabeagoan pasatzen delako». Hortaz, argumentu hori aitzinean ezarriko du udalak helegitea egitean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.