Donostiako Udalak Mikel Zabalza oroituko duen plaka bat jarriko du larunbatean, Intxaurrondo auzoko Baratzategi kalean. Espainiako Guardia Zibilak duela 39 urte atxiloturik eraman zuen kuartelaren alboan egongo da plaka hori. Eneko Goia alkatea buru dela, udal ordezkaritza bat egongo da ekitaldian, bai eta hilik agertutako gaztearen senitartekoak ere.
Orbaitzetan (Nafarroa) jaioa zen Zabalza, eta 32 urte zituela atxilotu zuen Guardia Zibilak. Donostiako autobusetako gidaria zen, eta Altzan bizi zen. 1985eko azaroaren 26an eraman zuen Guardia Zibilak Intxaurrondoko gotorlekura. Hogei egun geroago, hilik aurkitu zuten Bidasoa ibaian.
Torturatua eta hila
2022ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak eta aurten, apirilaren 18an Nafarroako Gobernuak estatuaren indarkeriaren biktima gisa aitortu zuten Zabalza. Guardia Zibilak bertsio ofizial sinestezin batekin itxi zuen auzia duela 39 urte. Esan zuen eskuburdinak jarrita zeuzkala ihes egin zuela, Endarlatsa inguruan; hara eraman ei zuten zulo baten bila. Enrique Rodriguez Galindo komandanteak gobernatzen zuen kuarteleko iturriek ziurtatu zuten Bidasoaren uretan erori zela ihesean zihoala, baina Jaurlaritzaren txostenak dio hipotesi horrek oso aukera gutxi dituela egia izateko, «sinestezina dela ez esategatik».
Txostenean, ziurtatu dute «zantzu ugari» daudela pentsatzeko «atxilotu, torturatu eta heriotzara eraman» zutela «tratu gizagabe eta gordinen bidez». Adituek uste dute bainuontzia esaten zaion tortura egin ziotela, edo poltsa esaten zaiona; itota hilko zela uste dute. Gero Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaira jaurti zutela gehitu dute txostenean. Edonola ere, auzia ez da argitu epaitegietan, eta, gaur egun, Guardia Zibilaren bertsio ofizial hori gailentzen da judizialki.