Donostiako Udalak Mari Jose Bravo omentzeko plaka bat paratu du

Batallon Vasco Español taldeak bortxatu eta hil zuen 16 urteko gaztea, duela 41 urte. Udalak «bizirik» mantendu nahi du haren oroimena

Mari Jose Bravo zenaren senideak eta Donostiako udal ordezkariak, atzo, Loiola auzoko omenaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Maria Jose Bravo del Valle. BVEren biktima. 1980-05-07. Bi esaldi eta data bat plaka batean idatziak, gertatutakoa atzendu ez dadin. Donostiako Udalak Mari Jose Bravo ikaslea omendu du Loiola auzoan, hark bizileku zuen hartan, haren omenezko plaka bat paratuta. Garai hartan 16 urte zituen gaztea bortxatu eta buruan jota hil egin zuen BVE Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde parapolizialak, duela 41 urte. Hilketa ez zen ikertu ere egin.

Atzo gertakari hura gogoratzeko eguna izan zuten Donostian. Biktimaren senideak, Eneko Goia alkatea eta gainerako udal taldeetako ordezkariek parte hartu zuten Latsari plazako ekitaldian. Zuriñe Bravo biktimaren ilobak eskerrak eman zituen, nahiz eta omenaldia hilketa gertatu eta lau hamarraldi geroago egin duten: «Eskerrik asko keinu honengatik. Gertatu zenean ez zen ezer egin: ez doluminik, ezta ordezkari politikoren baten hitzik ere. Nire familiari inork ez zion ezer esan. Erabat babesgabe utzi gintuzten».

Ekitaldian arrosa zuriak utzi zituzten lurrean paratutako plakaren ondoan, eta Donostiako Txistulari Bandak parte hartu zuen. «Bravoren senitartekoekin partekatu nahi izan dugu momentu hau haren oroimena bizirik mantentzeko. Memoria bizirik mantentzeko lanean beste pauso bat da hau», azaldu zuen Goiak. Bravorena «oso kasu tragikoa» izan zela ere esan zuen: «bidegabea» eta «krudela».

Hilketa, zigorgabe

Mari Jose Bravo bere bikotekide Javier Ruedarekin zegoen hil zuten egunean. BVEko kideek larri zauritu zuten Rueda jipoi bat emanda, eta Bravo haiekin eraman zuten, beste leku batean bortxatu eta buruan hainbat aldiz jota hiltzeko. Rueda zortzi urte geroago hil zen, jipoi hark eragindako kalteengatik. BVEk bere gain hartu zuen hilketa, eta bi gazteek ETArekin lotura zutela esan zuen. Ez zen ikerketarik egin, Poliziaren arabera, frogak desagertu egin zirelako.

Donostiako Udalak hamabi plaka paratu ditu dagoeneko azken hamarkadetan izan diren indarkerien biktimak oroitzeko eta «ikusgarritasuna» emateko. Bravorena da eskuin muturreko talde baten biktima oroitzen duen lehenbizikoa. Gainerakoek ETAk, DRILek eta Komando Autonomo Antikapitalistek eragindako biktimak gogoratzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.