Donostiako Udalak Madrili eskatuko dio La Cumbre «ahalik eta azkarren lagatzeko»

Udaleko talde guztiek, PPk izan ezik, mozio bat sinatu dute Lantxabe auzo elkarteak bultzatuta, Espainiako Gobernuak lehenbailehen utz diezaion udalari Lasa eta Zabalaren tortura leku izan zen jauregia.

La Cumbre jauregia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
La Cumbre jauregia, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2025eko apirilaren 28a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Egina dago Espainiako Gobernuak La Cumbre jauregia Donostiako Udalari uzteko akordioa, Memoria Demokratikoaren Legeari jarraituz, baina eskualdaketa hori luzatzen ari da, eta, asteazkenean bertan, udaleko talde guztiek, PPk salbu, mozio arrunt bat onartuko dute, La Cumbre lehenbailehen eskualdatu dezan Madrilek, eta eraikina Donostiako Udalaren esku utz dezan. Lantxabe auzo elkarteak bultzatuta, mozio hori eztabaidaituko dute osoko bilkuran. Idatziaren xedea da Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzea «La Cumbre jauregiaren lagapena ahalik eta lasterren bideratzea».

Egiari Zor Fundazioak txalotu egin du Lantxaberen ekimena, eta baita udal taldeen aldetik jasotako babes zabala ere; hori dela eta, fundazio horretako ordezkaritza bat joango da asteazkeneko osoko bilkurara, babes ematera Lasa eta Zabala familiei eta Lantxabe Elkarteak aurkeztutako mozioari.

Urte hasieran ere, Espainiako Gobernuak eskaera bera jaso zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean. Elkarte memorialistek La Cumbrerako ondu duten proposamena aurkeztu zuten orduan. Izan ere, La Cumbrek Donostiako Udalaren esku behar zuen 2023tik, baina elkarte memorialistek nahi baino gehiago ari da luzatzen prozesua.

GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, hara eraman eta han torturatu zituztelako bihurtu da ikur eraikin hura. 2022ko Memoria Demokratikorako legeak beren-beregi aipatzen ditu La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua memoria toki bihur daitezen, haietan egindako giza eskubideen urraketak lantzeko. 

«Talde parapolizialek eta estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtu nahi dute La Cumbre

Iazko urrian, talde memorialistek La Cumbrerako landu duten proposamena plazaratu zuten. Egiari Zor, Aranzadi, Argituz eta Mikel Zabalza taldeek, Berridatzi elkarteak eta Lasa eta Zabalaren senideek proiektu bateratu bat plazaratu zuten. Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua estatuaren «biktimen etxe» bilakatu nahi dute. Finean, «talde parapolizialek eta estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko memoria leku» bihurtu nahi dute La Cumbre.

«Ekarpen bat» da proposamen hori «behin betiko proiektua diseinatzeko ardura duten erakundeentzat»; hau da, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari egindako ekarpena. Haiek ezagutzen dute jada proiektua, 2023ko maiatzean aurkeztu baitzieten. Erakunde horiena izango da La Cumbreren proiektuaren inguruko azken erabakia.

Aurretik, ordea, La Cumbrek Donostiako Udalaren esku geratu behar du, eta, oraingoz, PSOEren eta Sumarren gobernuak ez du urrats hori egin. Hori dela eta, eskaera zuzena egingo dio udalak etzi.

La Cumbreren historia

La Cumbre jauregia 1944an eskuratu zuen Espainiak, frankismo betean, eta, 1983an, Barne Ministerioari eman zioten. Eskualdaketa egin eta lau hilabetera, Guardia Zibilak eraikin horretako sotoan bahiturik eduki zituen Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala, eta bertan torturatu zituzten.

Enrique Rodriguez Galindo komandantearen agindupean aritu ziren, Julen Elgorriaga gobernadore zibilaren onespenarekin, Espainiako justiziak ebatzi zuenez. Ondoren, biktimak Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten, eta han hil zituzten, tirokatuta. Hilotzak 1985eko urtarrilaren 20an aurkitu zituzten, Busot udalerriaren inguruko hobi batean, baina ez zituzten identifikatu 1995eko martxora arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.