1.500 eta 1.700 etxebizitza bitarte. Donostiako Udalak, Loiolako kuartela eraitsi, eta horixe egin asmo du eremu horretan. Bada, orain arte proiektu hori blokeatuta zegoen, baina Aitor Estebanek, Espainiako Kongresuan EAJko diputatu denak, adierazi du Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak dagoeneko desblokeatu duela. Izan ere, Gipuzkoako Kostaldearen Lurralde Zerbitzuak eskatu zuen proiektu horren eta Urumea ibaiaren arteko mugatze lerroak 100 metrokoa izan behar zuela; Donostiako Udalak, ordea, mugatze lerro hori hogei metrora murriztu nahi zuen, eta hori justifikatzeko txostena aurkeztu zuen Kostako Zuzendaritzan. Argudio horiek onartu dituzte, eta, beraz, proiektuak aurrera jarraitzen ahalko du hogei metroko mugatze lerroarekin.
Udalak eta Espainiako Gobernuak 2023an sinatu zuten Loiolako kuartela erosteko akordioa: 17,5 hektarea inguruko eremua da, eta 73,3 milioi euroren truke eskuratuko du hiriburuak. Akordioa egin eta gero, bertan behera gelditu ziren ordura arte indarrean zeuden baimen bereziak, eta, ondorioz, mugatze lerroa aldatu egin zen: 20 metrotik 100 metrora. Zehazki, Gipuzkoako Kostaldearen Lurralde Zerbitzuak prozesu automatiko bat abiatu zuen moldaketa hori egiteko. Horrek, baina, ez zion Donostiako Udalari mesederik egin, esku artean zuten proiektuan aldaketak egin behar zituztelako. Hortaz, udalak alegazioak aurkeztu zituen Kosta Zuzendaritzan; Uraren Euskal Agentziak eta Espainiako Defentsa Ministerioak ere alegazioak aurkeztu zituzten, eta udalak babesa eskertu zien.
Zehazki, udalak argudiatu du, bertzeak bertze, 1988ko Kostaldearen Legea indarrean sartu aitzinetik «eremuak hiri lurzoru finkatua izateko baldintza guztiak betetzen» zituela. Hori ziurtatzeko hainbat dokumentu aurkeztu zituzten: lursaila erosi zenetik jasotako planoen artxibo historikoa, eraikitze proiektua, eta eremuaren urbanizazio eta zerbitzuen baldintzak.

Proiektuaren berri eman zenetik, jakina da zenbat etxebizitza eraikitzeko asmoa dagoen, baina argitzeke dago horietatik zenbat izanen diren babes ofizialekoak. Legez, halako proiektu batean, etxebizitzen %40k babes ofizialekoak izan behar dute. Are, joan den urteko urrian Eneko Goia Donostiako alkateak erran zuenez, «proiektuaren errentagarritasun ekonomikoak hala egiteko modua emanez gero», kopuru hori baino handiagoa izanen dela babes ofizialeko etxebizitzen kopurua.
Ituna
Behin Kosta Zuzendaritzaren onirizia jasota, Espainiako Defentsa Ministerioak eta Donostiako Udalak ituna sinatzea da hurrengo pausoa. Izan ere, behin-behinean eten zuten akordioa, Kosta Zuzendaritzaren erabakia iritsi artean. Eneko Goia Donostiako alkateak ohar bidez adierazi du gaurkoa «albiste oso ona» izan dela, baina nahiago zuela lehenago iritsi izan balitz. Adierazi du «ahal bezain laster» ekingo diotela ituna sinatzeari. Gehitu du, gainera, Espainiako Gobernuaren erabakiak agerian utzi duela udalak «egindako lan guztia».
Ituna sinatu ostean lau urte izanen dituzte militarrek eraikina hustu eta bertze leku batera joateko. Tarte horretan udalak proiektuaren behin-betiko diseinua eginen du, zeinak, gehienez, 1.700 etxebizitza izaten ahalko dituen.