«Segurtasun arazorik izan ez dadin», Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak kalean bizi direnei prestatzen dizkien otorduak debekatuko ditu Donostiako Udalak. Hala jakinarazi die Udaltzaingoak Egia auzoan behar horretan jarduten direnei, eta informazioa berretsi du Irutxuloko Hitza-k.
Abisua ahoz eman die Udaltzaingoak. Poliziek paper bat zuten eskuetan, baina ez diete KASeko kideei eman nahi izan. Azaldu dieten bakarra da ez dutela afari solidarioak emateko baimenik, eta bihartik aurrera debekatua izango dutela hori egitea. «Gaur bai, ordea».
KASeko kideek Irutxuloko Hitza-ri adierazi diotenez, lau urte daramate afariak ematen, eta Donostiako Udalak bazekien —besteak beste, haiekin bildu izan direlako—. Horregatik uste dute udalak «baimen tazitua» emana zuela. Bihar, osteguna, 18:00etan, prentsaurrekoa egingo dute KASekoek Egian.
Udaltzainek, bitartean, zerbitzu sozialen zerrenda bat eskaini diete kalean dauden gazteei. Zerrenda horretan, besteak beste, Parte Zaharreko eta Amara Berriko afari solidarioen helbideak daude. «Egoera guztiz surrealista» dela salatu dute ekintzaileek.
Hainbat alderdi, talde eta sindikatuk gaitzetsi dute udalaren jokabidea X sare sozialean; besteak beste, EH Bilduk, Kontseilu Sozialistak, Donostiako Piratek, LABek eta ESK-k.
Astelehenean, afariak partitzen dituzten leku berean, Egia auzoan, elkarretaratze bat egin zuten herritar batzuek, «segurtasun» eske, eta PPko zinegotziek parte hartu zuten. Are, Irutxuloko Hitza-k zabaldutako bideo batean, PPko zinegotzietako bat ageri da protestaren lehen lerroan, afariak ematen dituen kolektiboko kideren bati errieta egiten.
Ikusi gehiago
Migratzaileak dira afariak banatzen dizkietenetako asko. Egian elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, sare sozialetan, gaztelaniaz, «segurtasun» eske. Sare sozialetako kontu horietan, kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan.
Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, bestalde, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan. Orain, ordea, udalak jaramon egin diola dirudi.
Astelehenean, bi aldeetakoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren biak bereiztera. KASeko kideei irain egin zieten: «uzkitik bortxatuko ahal zaituzte zu ere», «joan zaitezte popatik hartzera», eta halakoak. KASekoen aldean zegoen norbaitek «arrazista zikinak» oihu egin zien, eta, orduan, ertzainak harengana joan ziren.
Hiru gazte atxiki zituzten lurrean, baina ez zituzten atxilotu. Gaur jakinarazi dute guztira sei identifikatu zituztela; lau desordena publikoak eragiteagatik, eta bi Poliziaren jarduna oztopatzeagatik.
Migratzaileen kontrako sare sozial horietan iragarri dute astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak, KASek afariak banatzen dituen ordu eta leku berean.
Asteleheneko gertakarien ondotik, KASek ohar bat zabaldu zuen, afariak banatzen segitzeko asmoa zuela berretsiz. Han, euren jarduna azaltzeaz gain, salatu zuten elkarretaratzera deitu zutenek eurak desagerrarazi nahi dituztela, eta segurtasun faltaren ardura eurei egotzi izana ere gaitzetsi zuten.
«Etorkinak kanpora»
Donostiako 35 eragilek joan den abuztuaren 7an ohartarazi zuten jarrera arrazistak gora egiten ari direla Donostian. «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte», azaldu zuten orduan: «Segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek eta ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez».
Donostian bakarrik ez, inguruko herri batzuetan ere agertu dira migratzaileen aurkako mezuak: irail bukaeran, esaterako, «Etorkinak kanpora» idatzirik eta lauburu batzuk margoturik zituzten pankarta batzuk agertu ziren Hernanin.