Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina emango dio Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari, urtarrilean. Hala erabakiko du bihar udalbatzarrak, Bildu, EAJ eta PSE-EEren botoekin. PPk iragarri du aurka azalduko dela, Txillardegi ETAren sortzaileetakoa izan zela argudiatuta. "Izendapenak izaera politikoa du", esan du Ramon Gomez PPko zinegotziak.
PSE-EEk dio Txillardegi zenari udalak domina ez diola emango haren "ideologia politikoagatik, baizik eta idazlea eta euskararen mundura lotutako laguna izan zelako".
Aurtengo urtarrilaren 14an hil zen Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea, Donostian, etxean, 82 urte zituela.
Hari ez ezik, Jaime Caballero igerilariari, Enkarni Genua eta Manolo Gomezen txotxongilo taldeari, Luisa Etxenike idazleari eta Donostiako Ospitaleko Neonatologia unitateari ere emango die udalak Hiritar Merezimenduaren Domina. Ekitaldia San Sebastian bezperan izango da —urtarrilaren 19an—, udalbatzarren aretoan.