Donostiako Udalak aurrera atera ditu 2022rako aurrekontuak. Denera, 424,8 milioi euro izango ditu, iaz baino %6,2 gehiago. EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak hainbat akordio itxi ditu oposizioarekin, eta 1,4 milioi euro balio duten hainbat zuzenketa txertatu ditu aurrekontuetan. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun eta Finantza zinegotziaren esanetan, behar gehien dituzten pertsonei erantzun hobe bat ematea da aurrekontuen helburua.
EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa dute Donostiako Udalean, eta ez dute arazorik izan eurek proiektua aurrera ateratzeko. Halere, Dominguez-Macayaren esanetan, akordioaren aldeko hautua egin dute oposizioko alderdiekin hainbat zuzenketa adostuta. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk osoko zuzenketa bana aurkeztu zieten aurrekontuei, eta oposizioko alderdi guztien artean, beste 300 zuzenketa partzial. Udal gobernuak jakinarazi duenez, horietako batzuk babestu ditu gaur udal gobernuak: hamazazpi zuzenketa adostu dituzte PPrekin, bost Elkarrekin Donostiarekin, eta EH Bilduren beste bi onartu ditu.
Udaltzaingoko langileekin lotura duten sailetara 195.000 euro gehiago bideratzeko akordio bat eta semaforo soinudunak jartzeko 142.000 euroko beste bat dira PPrekin adostutako zuzenketa nagusiak. Elkarrekin Donostiarekin adostutako zuzenketa handienak, berriz, berdintasun politiketara bideratutakoak dira: 23.800 euro indarkeria matxistaren aurkako prebentzio programak sustatzeko, eta 48.000 euro Berdintasun departamentuko aurrekontua indartzeko.
Dominguez-Macayaren hitzetan, EH Bilduri ere proposamen bat egin zion udal gobernuak, bederatzi milioi euro inguruko balioa luketen hainbat zuzenketa adosteko, baina bi aldeak ez ziren ados jarri. Halere, koalizio subiranistaren bi zuzenketa onartu ditu udal batzarrak, kooperazio eta garapen programekin lotutakoak.
Ogasun zinegotziak azaldu duenez, aurrekontuetatik 34,6 milioi euro bideratuko dira gizarte babesera eta sustapenera; hau da, iaz baino 750.000 euro gehiago. Inbertsioetara bideratutako funtsak, aldiz, 54,4 milioi izango ditu; %22,7ko igoera, 2021eko kontuekin alderatuz gero. Gainera, udal gobernuak adierazi du Europako funtsetatik iritsi daitezkeen diru sarreren esperoan daudela, eta horiek jasotzeko diseinatutako «sail hedagarriak» dituztela aurrekontuek.