Donostiako Udalak argudiatu du «segurtasun arrazoiengatik bakarrik» debekatu dituztela afari solidarioak

Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziaren arabera, «delituek gora egin dutelako» hartu dute erabakia, eta «ez du inolako zerikusirik janari banaketarekin».

(ID_14125782) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-08-01, Donostia. Ertzaintza eta Donostiako Udaltzaingoa Koordinatzeko Batzordea hiriko Aste ...
Martin Ibabe Donostiako Hiri Segurtasuneko zinegotzia, prentsaurreko batean, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
joxerra senar
2024ko urriaren 24a
12:32
Entzun

Bart, Donostiako Udalak debekatu egin zituen Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak kalean bizi direnei prestatzen dizkien otorduak, baina Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak gaur onartu duenez, «erabakiak ez du inolako zerikusirik janari banaketarekin». Ibabek, udaletxean egindako agerraldian argudiatu du inguru hartako segurtasuna dela «arrazoi bakar-bakarra». Haren esanetan, 2022tik delituek gora egin duten datuak dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. «Herritarren kexa logiko bat dago, eta datuekin bat egiten dute». 

Ibabek zehaztu du 2022an Egia auzoko inguru horretan delitu kopurua %29 handitu zela aurreko urtearekin alderatuta eta %16 iaz. «Aurten, lehen seihilekoan, seiehun esku hartze egin ditugu. Hori da erabaki hau justifikatzen duen egoera». Haren esanetan, inguruetan udaltzainen eta ertzainen presentzia handia da, baina gehiago indartzeko asmoa dute.

Erabakia asteleheneko elkarretaratzearen ondoren etorri da, baina. Sare sozialetatik Egian elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, «segurtasun eske», afariak banatzen diren tokian. PPko zinegotziek parte hartu zuten. Are, Irutxuloko Hitza-k zabaldutako bideo batean, PPko zinegotzietako bat ageri da protestaren lehen lerroan, afariak ematen dituen kolektiboko kideren bati errieta egiten.

Sare sozialetako kontu horietan, kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan. Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan. Orain, baina, udal gobernuak bat egin du, eta afariak bertan behera utzi ditu.

Udalbatzan ez da gaia aztertu

Gaur goizean udalbatza egin dute. Nahiz eta gai zerrendan ez izan, Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotziak eskatu du gaia aztertzeko, premiazko kontua delako. «Boluntarioen lanari esker, egunean behin jateko aukera zuten, eta hori debekatzeak esan nahi du jateari utziko diotela. Ez dakit ba ote den jatea baino gauza premiazkoagorik», argudiatu du.

PPk eta EH Bilduk bat egin dute eskaerarekin, baina EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu dutenez, gaia ez da gaur eztabaidatu. PPk azaldu du bere jarrera «argitu» nahi duela.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduko eledunak arrazoitu du premiazkoa dela hirian zabaltzen ari den eskuin muturreko mezuak berehala etetea. Osoko bilkura amaituta, adierazpenak egin ditu udaletxe kanpoan. «Instituzioek egiten ez duten lana egiten ari dira donostiar batzuk. Haien lana debekatzea bidegabea eta gizagabea da... eta are gehiago alternatiba bat eskaintzen ez bada».

Izagirrek kritikatu du «desegokia eta gezurra» dela afarien banaketa segurtasun arrazoiekin lotzea. «Gertatzen ari den honekin guztiarekin denok ari gara hauspotzen eskuin muturraren diskurtso arrazista eta xenofoboa. Diskurtso horrek jarraipen eskasa izan du Donostian eta Euskal Herrian, eta denon ardura da diskurtso hori ez hauspotzea»».

Arratsaldean prentsaurrekoa egingo du KAS taldeak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.