Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileek grebara deitu dute

Maiatzean sei greba egitea da asmoa: hilaren 7an, 8an, 9an, 14an, 15ean eta 16an. Eskola ixtearen kontra egin nahi dute mobilizazioen bidez, erabakiaren atzean «negozioa egiteko asmoa» dagoela uste baitute.

Langileak, protestan, gaur, LAB sindikatuak zabaldutako argazki batean. BERRIA
Langileak, protestan, gaur, LAB sindikatuak zabaldutako argazki batean. BERRIA
arantxa iraola
2024ko apirilaren 30a
13:35
Entzun

Scientia School enpresak iragarria du ikasturte honen amaieran Donostiako Scientia Karmelo ikastetxea ixtekoa asmoa, eta horren kontra ari dira langileak. ELA sindikatuak deituta, lanuztea egin dute gaur protesta moduan, elkarretaratze bat ere egin dute eskolako atarian, eta grebak iragarri dituzte datozen asteetarako: hilaren 7, 8, 9, 14, 15 eta 16rako. Eskola ixteko asmoaren atzean «negozioa egiteko asmoa» dagoela salatu dute, eta neurriak eskatu dituzte egoera bideratze aldera.

Langileen eske nagusia da «lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea». Scientia School enpresak ikastetxea orain dela bost urte erosi zuela gogoratu dute, eta orain itxi nahi duela langileentzat «inolako irtenbiderik» planteatu gabe. Enpresak, gainera, prozesuari buruzko «informazioa eta dokumentazioa» ezkutatu egin dituela esan dute, eta langileen ordezkariei ez diela horren berri eman ere.

Soldatak jasotzeko «arazoak» ere salatu dituzte langileek. Aditzera eman dutenez, azken bi hilabeteetako soldata jasotzeko daude orain zenbait langile, eta antzeko arazoak izan dituzte beste hainbatek ere ikasturtean zehar.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren jarrera ere kritikatu dute gaur langileek. Scientia Karmelo itundutako zentro bat dela gogoratu dute, eta administrazioak «neurri eta oztopoak» ezarri behar lituzkeela hezkuntza «negozioa egiteko erabiltzen duten enpresen aurka». Kristau Eskolari ere egotzi diote ardura alde horretatik.

Langileek iragarri dute mobilizazio eta grebekin jarraituko dutela baldin eta beren aldarrikapenak aintzat hartzea lortzen ez badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.