Itzali dute Donostiako San Martzial kaleko sua

Hamazazpi pertsona etxetik kanpo daude. Ezbeharra gertatu zen etxean pilatutako hondakinak ateratzen ari dira.

Donostiako San Martzial kalean su hartutako etxetik ateratako zaborra. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Donostiako San Martzial kalean su hartutako etxetik ateratako zaborra. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko otsailaren 6a
14:00
Entzun

Atzo arratsaldeko 16:00etan Donostiako San Martzial kaleko 8. zenbakiko eraikinean piztutako sua itzaltzea lortu dute suhiltzaileek. Ezbeharra hasi zenean, etxea hutsik zegoen. Sutearen aurretik garbiketa lanak egiten ari ziren, barruan traste asko zegoelako pilatuta; «batez ere zaborra», langile batek EFE agentziari azaldu zionez. Goiz osoa zeramaten etxebizitza husten, eta bertan «zaborra, arropa, zapatak, egunkariak, aldizkariak... denetarik» zegoela azaldu zuen langileak. 

Martin Ibabe Segurtasun zinegotzia eta Maria Jesus Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotzia bertan izan dira gaur goizean. Ibabek zehaztu du balkoiko baranda apurtu dutela eta etxean pilatutako zaborra kalera botatzen ari direla, pixkana-pixkana. Botatako zaborra aztertzen ari dira ea hausberorik duen ikusteko: «Hori guztia erregaia da, eta pixkanaka bidea irekiz joan behar da». Orain arte hondakinen %20 soilik atera dituzte etxebizitzatik, eta esan dute oraindik «lan asko» dagoela egiteko. Gainera, oraindik bada suhiltzaileak sartu ezin izan diren gelaren bat. Suaren jatorriari dagokionez, Ibabek adierazi du ikerketa bat egiten ari direla zergatik piztu zen argitzeko. 

Inguruko eraikinak aztertzen ari dira

Aldameneko etxeetan ere ari dira lanean, sua Etxaide kaleko etxebizitza batzuetara zabaldu da eta. Zinegotziak nabarmendu du San Martzial kalearen aldeko egitura hormigoizkoa dela, eta horrek «nolabaiteko lasaitasuna» eman duela. Etxaiderantz ematen duen aldeak, berriz, egurrezko egitura du, eta horrek arrisku handiagoa dakar. Udal arkitektoak bi eremuetako egiturazko kalteak aztertzen ari dira.

Suteak gutxienez hamar etxebizitzari eragin die, eta, azken kalkuluen arabera, horietako seik kalte larriak izan dituzte. Udalak larrialdi prozedura guztiak aktibatu ditu, eta sutearen ondorioz kaltetutako hamazazpi pertsonak Donostiako hotel batean daude. Gizarte Ekintzako zinegotzi Maria Jesus Idoetak azaldu duenez, gizarte larrialdietako udal zerbitzuek azkar esku hartu zuten atzo, eta 19:30erako ostatua erreserbatuta zegoen kaltetutako familientzat. «Hamar familia daude, hamazazpi pertsona guztira, printzipioz hiru egunetarako, aseguru etxeekin harremanetan jartzeko eta egoera antolatzeko denbora izan dezaten», adierazi du Idoetak.

Kaltetuekin harremanetan jarraituko dutela argitu dute: «Bilera bat egin ohi dugu udaleko hainbat sailekin informazio pixka bat helarazteko: alde batetik, Gizarte Zerbitzuetako Sailak jakin dezan familia bakoitzak zer behar dituen; bestetik, teknikoki, suhiltzaileen, arkitektoen eta gainerakoen txostenak helarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.