Polizia indarkeria

Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladak manifestaziora deitu du Ertzaintzaren indarkeria salatzeko

Istiluak izan ziren larunbat gauean Donostiako Parte Zaharrean. Gazte Asanbladaren arabera, «identifikatzeko arrazoirik gabe» saiatu ziren horretan ertzainak, eta, gazteen ezezkoaren ondoren, oldartu egin zitzaizkien. Prentsaurrekoa eman zuten atzo.

AZGAren prentsaurrekoa, atzo, Donostian. ALDE ZAHARREKO GAZTE ASANBLADA
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 14a
11:00
Entzun

«Oso modu oldarkorrean eta mehatxuka, agindu ziguten identifikatu eta miatu egingo gintuztela Trinititate plazan ginen gazte guztiak, isuna jartzeko asmoarekin». Hala azaldu zuten Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladako kideek nola hasi ziren larunbat iluntzeko istiluak, atzo deitutako prentsaurrekoan. Polizia gogor oldartu zen larunbat gauean, eta hainbat gazte identifikatu zituen.

Gazte Asanbladako kideek argi dute Ertzaintzak ez zuela jendea identifikatzeko arrazoirik: «Jarrera onartezin hori ikusita, plazatik irteten hasi ginen, eta orduan oldartu zitzaizkigun; jendearen atzetik korrika eta egurra banatzen hasi ziren». Ertzaintzaren arabera, jende pilaketak zeuden ordu hartan Parte Zaharrean —tabernak itxi ostean izan zen—, eta gazteak kale zurrutean ari ziren. Gazteek, ordea, ukatu egin dute hori: «Argi diogu: ez zegoen ez jende pilaketarik, ez kale zurrutik, eta ez genion inoiz eraso Poliziari». Trinitate plazan 40 gazte inguru zeuden.

Istiluek Konstituzio plazan jarraitu zuten, eta ertzainek han identifikatu zituzten hainbat gazte; besteak beste, Poliziaren jarduna grabatzeagatik. Asanbladaren iritziz, «gazteen kriminalizazioaren beste adibide bat» da larunbatean jazotakoa, eta manipulazio mediatikoa egitea egotzi diete hainbat komunikabideri. Ertzaintza atzoko prentsaurrekora ere agertu zen, baina gazte bat identifikatu eta alde egin zuten.

Gertatutakoa salatzeko, gaur manifestazioa egingo dute Donostian, 20:00etan, Konstituzio plazatik abiatuta. Auzoak defendatu, errepresioari ez! da deialdiaren leloa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.