32 egun eman dituzte greban Donostiako Onkologikoko garbitzaileek, soldata arrakala amaitzeko asmoz. Gipuzkoako bide garbiketako langileei baino %25 gutxiago ordaintzen zieten, baina lortutako akordioak %24ko soldata igoera bermatuko die. ELA sindikatuak sinatu du akordioa, eta garbitzaileek greba amaitzea erabaki dute.
Akordioan sinatu dutenaren arabera, soldaten igoera progresiboa izango da, eta 2025ean lortuko dute igoerarik handiena. Aurten, 2023an, %10eko igoera izango dute, eta datozen bietan KPIa adina igoko diete soldata, betiere gutxieneko %7a bermatuta. Beraz, 2025erako gutxienez %24 handituko diete soldata. 2024ko eta 2025eko soldatak igotzeko, baina, Onkologikoak Osakidetzako sare publikotik kanpo egoten jarraitu beharko du. Horrez gain, ordaindutako sei eguneko lizentzia ere lortu dute. ELAk azaldu duenez, «aurrerapen hori funtsezkoa da lan baldintzak hobetzeko, eta lana eta bizitza pribatua bateratu ahal izateko».
Lortutako akordioaren harira, Onkologikoko grebalariak «sektore feminizatuen duintasunaren eta borrokaren adibide» ere badirela adierazi du sindikatuak. M-8a hain gertu egonda, gogorarazi du emakume langileak antolatzea ezinbestekoa dela soldata arrakala amaitzeko.