Satorralaiak bizilagunen elkarteak Donostiako Metroaren aurka«urraketa larriengatik» jarritako salaketa onartu du Gipuzkoako Fiskaltzak, eta azpiegituraren eraikuntza lanak ikertzen hasi da. Elkarteak salatutakoak «segurtasun kolektiboaren kontrako delituen artean jaso daitezkeen» ebatziko du fiskaltzak, atzo kaleratutako autoak jasotzen duenez.Horregatik, lanei buruzko «txosten zehatzak» bidaltzeko eskatu die bai Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura Sailari, baita metroaren eraikuntza proiektua ondu zuen enpresari ere, Prointec-i.
Bizilagunen elkarteak joan den urriaren 22an aurkeztu zuen salaketa, uste baitu eraikuntza lanetan ez direla ari betetzen arauak eta gomendioak; ez tuneletako segurtasunean, ez larrialdi irteerei dagokienez, ez eta elbarritasun bat duten pertsonak ebakuatzeko baldintzetan ere. Hans Heydemann ingeniariak —aditua da sute arriskuen prebentzioan— osatu du Satorralaiak-ek fiskaltzan aurkeztutako txostena.
Batik bat Pio Barojan aurreikusitako larrialdi irteerari erreparatu dio Satorralaiak-ek. Salaketan nabarmendu duenez, obrak egiteko ireki duten tunel bat baliatu nahi dute larrialdi irteera hori egiteko. «Tunel horrek 500 metroko luzera du, eta bertan 400 eskailera egin nahi dituzte 68 metroko malda igotzeko; hau da, dorre baten 24. solairura oinez igotzearen parekoa da». Heydemannen txostenak zehazten du baldintza horietan edonork bere burua salbatzea «oso gogorra» litzatekeela, eta «ahalegin fisiko izugarria» eskatuko lukeela.
Metroaren obrak gaitzesteko elkarretaratzea egingo du Satorralaiak-ek azaroaren 23an, larunbatarekin, Artzain Onaren katedralaren aurrean.
Donostiako Metroko lanak ikertzen hasi da Gipuzkoako Fiskaltza
Fiskalak «txosten zehatzak» eskatu dizkie Jaurlaritzari eta proiektuaren egileari. Satorralaiak elkartearentzat, «urraketa larriak» egiten ari dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu