Hainbat hilabetez etenda egon ostean, Donostiako metroaren Mirakontxa eta Easo arteko tartearen zulaketa lanei berrekin diete, eta, hori ikusita, kezka eta haserrea areagotu egin direla salatu zuten 150 herritar inguruk atzo. Gipuzkoako hiriburuko erdialdean egindako manifestazioan, lan horiekin jarraitzearen aurka protesta egin zuten. Satorralaia bizilagun elkartearen arabera, hilabeteok guztiok erakutsi dute segurtasun arloko arriskuak nabarmenak direla. Horregatik uste dute Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza «ausarkeriaz» jokatzen ari direla.
Iaz, ekainaren 5ean, 02:00etan, ezbehar larria izan zen, eta tunelaren ezkerreko aldean emari handiko ur jario bat eta lur jausi bat gertatu ziren. Handik ehun metrora, Zubieta kaleko 8 zenbakian, zulo handi bat agertu zen. Obrak gerarazi egin ziren. Euskal Trenbide Sareak egindako azterketa batean jasotzen denez, «eremu berean zulo txikiagoak ere aurkitu dira», eta guztiak erlazionatuta daude iazko ekainaren 5eko gertakari harekin.
Altuna y Uria, Iza eta Acciona enpresek osatutako taldeak tarte horretako tunela egiteko falta diren 400 metroak bukatzeko lanekin hasi dira berriz. Aurreko enpresak uko egin zion kontratuari.
Atzoko protestan azpimarratu zuten obraren ibilbidetik urrun dauden eraikinen osotasunari kalte egin diezaioketela. Jaurlaritzari eta udalari aurpegiratu zioten ohartarazpen larri horiek jendaurrean «isilpean» gorde dituztela. Gaineratu zuten Itsasertzeko Zerbitzuen arabera tunelaren lanek Kontxako hondartzan «ondorio kaltegarriak» eragin dituztela. Hala ere, zerbitzu horri jarrera aldakorra izatea egotzi diote. Obra «halabeharrez eta guztiaren gainetik» amaitu nahi izatea onartezina dela uste dute.
Donostiako metroaren obrei berrekitea salatu dute manifestazio batean
Arriskuak nabarmenak direla eta Jaurlaritzak eta udalak «ausarkeriaz» jokatu dutela iritzi diote. Lanak berehala geldiaraztea exijitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu