Donostiako metroaren lanek beste etxe bati kalte egin diotela salatu du Satorralaia elkarteak

Artzain Onaren plazako eraikin batean pitzadurak agertu dira, eta duela egun batzuk Easo kaleko balkoi bat erori dela ere salatu dute

Artzain Onaren plazan agertu diren pitzaduretako baten argazkia. SATORRALAIAK
jone arruabarrena
2023ko urtarrilaren 12a
12:27
Entzun

Donostiako Artzain Onaren plazan dagoen eraikin batean pitzadurak agertu dira, metroaren lanek zimenduei eragin dietelako», Satorralaia bizilagunen mugimenduak salatu duenez. Gainera, adierazi dute plaza horretako izkinan dagoela eraikina, eta horrek larriagotu egiten duela kaltea: «Plazako izkina arkitektonikoki osatzen duen arkuko harlanduzko piezen mugimenduek eta pitzadurek erakusten dutenez, eraikinaren desengonkortze bat gertatu da metroaren lanek zimenduei eragin dietelako».

Mugimenduak salatu du Donostiako metroaren Erdialdea-Kontxako geltokia eraikitzeko lanen ondorioz gertatu dela pitzadura, horretarako San Martin eta Easo kaleetan erabili diren «metodo erasokorren» ondorioz. Izan ere, azaldu dute eraikuntza proiektuak ohartarazten duela eraikin askoko toki batean dagoela sarbidea eraikitzen ari diren eremua, eta horrek «eraikuntza arrisku handiak» dakartzala.

Horrez gainera, salatu dute urtarrilaren 4an Easo kaleko beste eraikin bateko balkoia erori zela, eta, zergatik erori zen oraingoz argitu ez duten arren, Satorralaiak adierazi du metroa eraikitzeko proiektuan ohartarazi zutela nolako «arrisku larria» dakarren etxe horrentzat San Bartolomeko sarbide kanoia eraikitzeak: «Indusketa lanen eta eraikinaren zapaten mailaren artean dagoen harkaitzezko estalkia 2,8 metrokoa izango da soilik, nahiz eta proiektuan aurreikusten den teorian 7 metroko gutxieneko harkaitz estalkia behar dela halako lurpeko lanak egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.