Donostiako metroaren lanak erabat gelditzeko eskatu dute

Satorralaia elkartearen ustez, Zubieta kaleko ezbeharra «iragarrita» zegoen. Etzi mobilizatzera deitu dute.

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Donostiako metroaren lanek zulo bat sortu zuten Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren sotoan joan den ekainaren 5ean. Horren ondorioz, bizilagunek zenbait gau igaro behar izan zituzten etxetik kanpo. Metroaren aurkako Satorralaia bizilagun elkartearen iritziz, ezbehar hori «iragarrita» zegoen. Eta, gertatutakoa «larria» dela iritzita, metroaren lanak erabat gelditzeko eskatu du elkarteak. «Zentzurik gabeko azpiegitura horri» arbuioa adierazteko, Kontxako pasealekuko erlojuetan protesta elkarretaratze batera deitu du datorren iganderako (13:00).

Elkarteko kideek Donostiako udaletxearen atarian atzo egindako agerraldian nabarmendu zutenez, azpiegituraren obrek pitzadurak, arrakalak eta «bestelako kalteak» eragin dituzte dozenaka etxebizitzatan. «Bizilagunen salaketak ugaritu egin dira azkeneko hilabeteetan». Hori hala izanda, Satorralaiari «guztiz salagarria» iruditzen zaio Eusko Jaurlaritzak joan den martxoan adierazitakoa. Izan ere, elkartearen arabera, herritar batek lanei buruzko informazioa eskatu zionean, Jaurlaritzak erantzun zion ez dela «beharrezkoa» azterketarik egitea obrak eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruan.

Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak metroaren tunela Kontxako badiaren itsas azpian eraikitzeko emandako baimena kentzeko eskatu du, gainera, elkarteak.

Satorralaiarentzat ez dago Donostian metroa egiteko beharrik. «Zentzugabekeria da, xahuketa ekonomiko itzela, eta logika ororen kontra doa. Egitasmoak ez du inongo justifikaziorik mugikortasunaren ikuspegitik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.